Errege-opil solidarioaren 2.000 zati banatu ditue

Bizkaie! 2021-01-05 13:32   Pil-pilean

Pandemia sasoira egokituta, Bilboko Euskal Museoan banatu ditue opila eta txokolatea.

Argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Caritasek urtero Errege Egunaren bezperan antolatzen dauen ekitaldi solidarioak ez dau hutsik egin aurten, Covid-19aren izurriak normalean baino oztopo gehiago ipini dituan arren. Plaza Barriaren ordez, Euskal Museoa izan da errege-opil solidarioaren 2.000 zatiak banatzeko lekua. Zatitxu bat eta txokolate beroa jan nahi izan dabenek aurretiaz emon dabe izena, osasun arrazoiakaitik. Errazino bakotxa euro bateko prezio sinbolikoan saldu dabe.

Euren aletxua ipini daben herritar ugarigaz batera, erakunde publikoen, antolatzaileen eta ekitaldiaren babesleen ordezkariak egon dira Euskal Museoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru. 

Horrenbeste lagunentzako opila egiteko, Bizkaiko Okindegien Alkarteak ezohiko osogai kopurua erabili dau: 250 kg urun, 50 kg azukre, 75 kg gurin, 100 dozena arrautza, 25 litro laranja-lora ur, 25 kg legamia, 30 kg fruta azukreztadu eta 5 kg gatz. Caritas Bizkaiari lagundu deutse, ganera, alkarte, erakunde eta enpresa ugarik, erronka solidario hau ahalik eta ondoen beteteko. Zazpi Kaleetako Merkatari Alkartea da laguntzaile nagusia, eta Laboral Kutxa babeslea. Café Iruña Cateringek txokolatea emon dau, Kaiku eta Baqué enpresek doban emondako osogaiakaz egina.

Errege-opil solidarioaren helburu nagusia, hain zuzen be, alkartasuna zabaltzea da, batez be pobrezian, gizarte-bazterkerian edo babes barik dagozan ume eta gazteei aukerak errazteko. Aurten, arrakala digitala gainditzeko ahaleginean jarri dabe arretea, izan be, ume askok ez dabe baliabide nahikorik euren ikasketak behar dan moduan jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu