Artium Museoak 27.560 bisitari izan ditu 2020an

Bizkaie! 2021-01-05 08:51   Kulturea

Erabiltzaileen % 44 Arabatik etorriak izan dira.

Artiumek, Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, 27.560 bisitarigaz zarratu eban 2020. urtea, % 30 aurreko urteko guztizkoaren aldean. COVID-19 pandemiaren eraginak eta hartutako osasun neurriek markautako urtea izan da. 2020. urtea urte berezia izan da: udabarrian konfinamendu orokorra eta museoak zarratzea dekretau, mogikortasun mugak ezarri, eskola jarduerea eten, edukierea murriztu eta, oro har, horretan jarraitu dabe gaixotasunaren ondorio sozialek. Horren guztiaren ondorioz, gora egin dau Euskaditik etorritako erabiltzaileen ehunekoak eta handitu egin da Museoaren presentzia digitala.

Jarduera ugarigaz hasi eban 2020. urtea Museoak: urtarrilean eta zezeilean hiru erakusketa barri jarri zituen martxan, horreen artean Museoaren Bildumako erakusketa barria. Halan da be, aste gitxira, Museoak bere jarduera guztiak atzeratu behar izan zituan, erakusketa batzuen edegierea geroratu eta programa batzuk 2021era aldatu. Holan jazo zan, esaterako, Juncal Ballestini eskainitako erakusketeagaz (urtarrilaren 29an inaugurauko dabe) eta Begirada feminista ikastaroagaz (datorren udabarrian egingo da). Jarduerak bertan behera ixteak Museoaren beraren programetan eta beste kultura eragileakaz lankidetzan egitekoak ziran jardueretan be eragin eban, horreek be pandemiaren eragina izan dabelako.

Egoera horretan, estatistikei erreparauta, Euskaditik etorritako bisitarien ehunekoa handiagoa izan da, % 61 handiagoa 2019ko % 44koaren aldean; ehuneko horren barruan, era berean, nabarmentzekoa da erabiltzaileen % 44 Arabatik etorriak izan dirala. Beste erkidego batzuetako eta atzerriko personen bisitak % 28 (2019an baino 2 puntu gitxiago) eta % 11 (2019an baino 15 puntu gitxiago) izan dira, hurranez hurran. Gehienbat Madrilgo Erkidegokoak eta Frantziatik etorriak izan dira Euskaditik kanpoko bisitariak.

Edadea eta generoa kontuan hartuta, Artiumeko bisitari gehienak emakumeak (% 55 emakumezkoak eta % 45 gizonezkoak) eta 44 urtetik beherako personak (% 59 adin tarte horretakoak, % 41 adin horretatik gorakoak) izan dira. Bisitari gehienak 25 eta 65 urte bitarteko helduen segmentukoak dira, guztizkoaren % 70, hain zuzen be.

Interneti jagokonez, Artium Museoaren webguneek 472.733 bisitari izan zituen 2020an, hau da, 2019an baino % 10 gehiago (945.000 web orrialde ikusi dira danetara). Nabarmentzekoa da Museoak Youtuben eta Vimeon argitaratutako bideoek 47.916 erreprodukzino baino gehiago izan dituela 2020an, 2019an baino % 50 gehiago. Gogorarazo behar da joan dan udabarrian museoak zarratzeko dekretuagaz batera, Museoak hainbat bideo bilduma produzidu zituala, erabiltzaileakaz hartu-emonak ez eteteko, ondare artistikoa zabaltzen laguntzeko eta eskolearen eta familiaren eremuetarako eduki digital barriak eskaintzeko. Ekimen horren ondorioz sortu ziran bideo bidezko hezkuntza tailerrak eta Bilduma baterako hashtagak saila. Sare sozialetan izandako presentziari jagokenez, nabarmentzekoa da Museoak bikoiztu egin dituala Instagrameko jarraitzaileak, izan be, 4.599 jarraitzaile ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu