315.908 personak bisitau dabe Guggenheim Bilbao Museoa 2020an
2021-01-04 13:42 KultureaMuseoak urtearen balantze positiboa egin dau.
Osasun-pandemia dala-eta, Guggenheim Museoa zarratuta egon da ia hiru hilebetez eta, ondoren, Museora hurreratzen dan bisitari kopuruak behera egin dau mobikortasunari jagokozan neurri murriztaileen ondorioz. Halan da be, Museoak urtearen balantze positiboa egin dau, online eskainitako bideo, tailer, berbaldi eta bisitaldien bidez jorratutako jarduera digitalek jarraipen eta harrera itzela izan dituelako eta egoereak aukerea emon dauenean, publikoa Museora bertaratu dalako.
Bisitarien jatorri geografikoari erreparauta, orain arteko jokerea irauli egin da, hau da, 2020an bisitarien gehiengoa atzerrikoa beharrean Estadukoa izan da (% 61); gainerako bisitariak (% 39) besteak beste Frantziatik (% 18), Britainia Handitik (% 3), Alemaniatik (% 3), Italiatik (% 2), Portugaletik (% 1) eta AEBetatik (% 1) etorritakoak izan dira. Euskal Herriko bisitariak % 30 izan dira eta Estaduko gainontzeko lekuetatik etorritakoen artean Kataluniakoak eta Madrilgoak nagusitu dira.
Garrantzitsua izan da bizkaitarren kopurua, aurreko urtean baino % 50 gehiago izan baitira. Beste modu batera esanda, guztira 69.861 bizkaitarrek bisitau ditue erakusketak, 2019an baino 23.191 gehiagok. Aurten nabarmentzekoa da, baita Museora bertaratutako publikoa gazteagoa izan dala: gazte, nerabe eta familia asko etorri dira, batez be, Olafur Eliassonen erakusketea ikustera.
2020an, nabarmen indartu zan Museoaren presentzia digitala, arteaz bertatik bertara gozetako ezintasunari zeozelant aurre egiteko eta emoitza oso positiboa izan da. Udabarrian Museoa zarratuta egon zan bitartean, #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitala jarri eben abian: danetara, 55 bideo, erakusketei eta Museoko alde ezezagunenei buruzkoak, baita artistek eta ipuin-kontalariek umeentzako tailerren ingurukoak be. Bideoek, danetara, 2,3 miloe bisita izan ditue Museoaren sare sozialetan eta erabiltzaileen 90.000 interakzino positibo ekarri ditue.
Beste ekimen digitaletako bat, urri amaierako zarratze perimetralaren ondoriozko #KandinskyAtzeraKontua izan da: Hamabost bideoko bildumeak upealako erantzuna izan dau.
Gainera, Museoak epe luzerako proiektu digital bati emon eutson hasierea urrian: #GuggenheimBilbaoInsights. Hilebetean behin agertzen diran bideoen bilduma bat da, Museoko komisarioek eduki artistikoak transmitiduten ditue eta Bildumako zenbait artistaren lanean sakontzen dabe alkarrizketen bidez.
Museoak eutsi egin deutso programazino artistikoaren kalidadeari. Olafur Eliasson: bizitza errealean, Richard Artschwager, Lygia Clark. Pintura eremu esperimental legez, 1948–1958 eta William Kentridge sano garrantzitsuak izan dira eta udagoienean beste bi erakusketa inaugurau zituen: Lee Krasner. Kolore bizia eta Kandinsky, artisteari eskainitako atzera begirako handia. Harrera eta kritika bikainak izan ditue eta bisitariek eskertu egin dabe murrizketak murrizketa, programazinoa aurrera eroatea; baita bisitaldiak berme danaka egin ahal izateko neurriak hartu izana be.
Esparru digitalari jagokonez, guggenheim-bilbao.eus webguneak 1.981.589 bisitaldi eta bistaratutako 5.775.238 orrialde erregistrau zituan 2020. urtean; era berean, Museoaren sare sozialetako komunidadeak eta eraginak gora egiten jarraitzen dabe: 636.210 jarraitzaile Instagramen, 372.655 Twitterren eta 336.145 Facebooken; 1.345.010 lagun danetara, engagement (interakzino) handikoak, gainera.
Hezkuntza-programei jagokenez, 2020an, 44.674 personak hartu dabe parte Museoaren aurrez aurreko zein online jardueretan eta 217.139 persona izan dira arte-programazinoaren osogarri diran espazio didaktikoak erabili dituztenak. Urteko barrikuntzen artean, nabarmentzekoa da tresna digitalen erabilerea, izan be, aukerea emon dau aforo-mugak edo distantzia geografikoa lako kontuakaitik Museora bertaratzerik ez daben ikasle, familia eta bestelako publikoei Museoaren hezkuntza-programazinoa helarazoteko; horrek, era berean, Guggenheim Bilbao Museoaren hezkuntza-proiektua nazinoartera zabaltzen lagundu dau.
Atal honetan aitagarria da Museoa aldi baterako zarratuta egon zanean umeentzako aurrez aurreko jardueren ordez sortutako Museoa familiartean BBKgaz ekimen digital barritzailea. Astero-astero, Museoak jarduera ezbardinei buruzko bideoak konpartiduten zituan posta elektronikoz eta sare sozialen bidez: ipuinak, bisitaldiak zein familia osoarentzako tailerrak, euskeraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez, Elssie Ansareo, Miren Arenzana, Ibon Sáenz de Olazagoitia, Nerea Lekuona, Manu Muniategiandikoetxea eta Manu Uranga artisten eskutik, Catalina Martínez-Moro ipuin-kontalariaren eskutik eta Museoko Hezkuntza eta Interpretazino taldearen eskutik.
Museoko banakako kideei jagokenez, 67.186 dira Museoak artearen eta kulturearen inguruan sortutako Community komunidadea osotzen dabenak. Kolektiboen arabera banatuta, 19.640 Museoaren Lagunak dira, Museoak gertuko ingurunean dauen gizarte-babes zabalaren erakusgarri. Museoagaz kontaktuan egoteko dobako modalidadeari jagokozan Jarraitzaileak, barriz, 46.736 dira, horreen % 52 Estadukoak dira, % 12 Frantziakoak eta horreen atzetik dagoz Italiakoak eta AEBetakoak. Gainera, 2020an 780 onuradun izan ditu lan barik dagozanei Museora doban sartzeko aukerea eskaintzen deutsen Erdu programeak.
Guggenheim Bilbao Museoak 2020an izan dauen enpresa-partaidetzeari jagokonez, 114 izan dira Kide Korporatiboak. Erakundearen finantzabidearen oinarri diran kideak be badira Communityren parte. Egungo egoerea ikusita, horreen babesak eta konpromisoak inoiz baino balio handiagoa dabe.
Azkenik, hona hemen 2020an Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan izan dauen eragin ekonomikoari buruzko emoitzak:
- Museoaren jarduereari esker EAEn sortutako eskaria 115 miloei eurokoa izan da.
- Barruko Produktu Gordinari egindako ekarpena 101,7 miloe eurokoa izan da.
- Euskal Ogasun Publikoek 15,7 miloe euroko diru-sarrera gehigarria izan dabe.
- Museoaren jarduereak 2.160 enplegu mantentzen lagundu dau.
Aurten ere, bizitako urte gogorra gorabehera, Guggenheim Bilbao Museoak Europako kultura-erakundeen artean buru izaten jarraitzen dau autofinantzaketa-maileari jagokonez. 2020an, % 51koa izan da datu hori, gitxi gorabehera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!