Errege Magoak Bilbon ibiliko dira gaur eta bihar

Bizkaie! 2021-01-04 09:02   Pil-pilean

Itziar Urtasun zinegotziagaz batuko dira, eta, martitzenean, jai handia egingo dabe Miribillan.

Etxerik etxe opariak banatzen hasi baino lehen, agenda bete-betea dabe Errege Magoek. Bilbon, behinik behin, hitzordu ugari ditue gaur eta bihar, erakundeetako ordezkariak zein uriko umeak agurtzeko. Gaur, astelehena, Arriaga Antzokian batuko dira Udaleko arduradunakaz, 10:00etan.

Topaketa horretan, Itziar Urtasun zinegotziak eta Hiru Errege Magoek urian egin beharreko jarduerez egingo dabe berba, eta azken detaileak emongo ditue jakitera. Gauza jakina da aurten kabalgatarik ezin izango dana egin, Covid-19aren erruz, baina uriko neska-mutilak ez ditue Meltxor, Gaspar eta Baltasarren bisita barik itxi nahi.

Ordezkari politikoakaz egon eta gero, martitzena, hilaren 5a, izango da familien egun handia. Miribilla auzoko Bilbao Arena pabilioian Gau magikoa izeneko ikuskizuna antolatu dabe Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek eta hareen laguntzaileek, umeen eta familien gozagarri.

Magia, ilusinoa eta poza dira ikuskizunaren oinarria. Ikusleek lehenengo bider aukerea izango dabe ikusteko zelan eta ze makina erabiliz bihurtzen dituen Errege Magoek opari urtero jasoten dituen miloeka gutunak. Baina aurten ez da erraza izango makina martxan ipintea, bi arduradunak, Truski eta Traski, ez diralako kapaz martxan ipinteko.

Euskerazko zortzi kantu entzun ahal izango dira, pertsonaiek makinea konpontzeko ahaleginean dabizan bitartean. Ikusleen parte-hartzea oso garrantzitsua izango da akatsa aurkitu eta makinea biztuteko. Kantua eta jantzea egongo dira, baina jesarlekutik mobidu barik. 

Harmailetan 400 ikusle sartuko dira gehienez, edukierearen inguruko arauak errespetau behar dira eta. Horregaitik, ikuskizunaren bost saio egongo dira, jente gehiagok disfrutau ahal izan deian Errege Magoakaz. Honeek dira orduak: 11:00etan, 13:00etan, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan. Saioen artean guztiz garbitu eta desinfektauko dabe pabilioia.

Mobikortasun arazoak dituenentzako leku berezia gordeko dabe Bilbao Arenan, eta zeinu-hizkuntzako interpretea be egongo da. Osasun neurri guztiak zorrotz beteko dira. 

Bilboko Udalak esan dauenez, Miribillako ekitaldirako sarrerak agortuta dagoz. Euro biko prezio sinbolikoan saldu ditue, eta herritarrek gogo handiz erantzun dabe. Batutako diru guztia Aspanovasi emongo deutse, hau da, minbizia daben umeen gurasoen Bizkaiko alkarteari. 

Errege Magoek zera adierazo dabe: Gaur, inoz baino gehiago, alkartasuna, eskuzabaltasuna, erantzukizuna... gizartearen tresnak izan behar dira, indartsuago izateko, batuago egoteko. Umeek balioei buruzko ikasgai ederra emon deuskue pandemiaren fase guztietan, eta horrek saria merezi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu