Guggenheim Museoa zabalik egongo da urtarrilaren 4an
2020-12-30 13:21 KultureaAstelehenetan zarratuta egoten da normalean, baina Gabon sasoian salbuespena egingo dabe.
Bilboko Guggenheim Museoko arduradunek jakitera emon dabenez, museoa zabalik egongo da astelehenean, urtarrilak 4. Deskantsu eguna izaten da astelehena normalean, baina Gabonetako oporretan nahi daben herritar guztiei emon nahi deutse bertako bildumak ikusteko aukerea, eta ateak zabalduko ditue. Abenduaren 28an be bardin egin eben.
Halandabe, jai egunakaz lotutako murrizketa batzuk egongo dira: abenduaren 31n, Urte Zahar Gaua danez, 17:00etan zarratuko dabe museoa, ohi baino ordu bi lehenago. Urte Barri Egunean, urtarrilaren 1ean, itxita egongo da egun osoan.
Hortaz, egun aproposa izan leiteke astelehena Guggenheimek momentu honetan dituan erakusketez gozetako. Bilduma iraunkorreko obrez gan, orain Vasily Kandinski, Olafur Eliasson, William Kentridge eta Lee Krasnerren lanak dagoz ikusgai. José Manuel Ballester [2020/03/15] proiektuaren aretoa be bisitau leiteke.
Ganerako kultur ekipamenduetan lez, Guggenheim Museoan be osasun arloko neurri zorrotzak bete behar ditue bisitariek. Erropa-zaindegia behin-behinean zarratuta dagoanez, eguraldi txarra danean euritako tolesgarriak eroateko eskatu dabe museoko arduradunek, aretoetan erosoago ibilteko. Era berean, txartelak online erosteko gomendioa be egin dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!