Arte Ederretako Urrezko Dominea Montxo Armendariz, María Bayo eta Álex de la Iglesiari

Bizkaie! 2020-12-30 11:45   Kulturea

Espainiako Kultura Ministerioak egin deutse autortzea.

Álex de la Iglesia bilbotarra da sarituetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturgintzan egindako ibilbide bikainagaitik, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea emon deutse Espainiako hainbat sortzaileri 2020. urte honetan. Espainiako Kultura Ministerioak asteon emon dau aurtengo sarituen barri, eta tartean dagoz hiru euskal herritar: Montxo Armendariz nafarra eta Álex de la Iglesia bizkaitarra, biak zinemagileak; eta María Bayo soprano nafarra. 

Danetara 32 alkarte eta laguni emon deutse Urrezko Dominea 2020an. Pau Donés musikariarentzat, Álvaro de Luna aktorearentzat eta Andrés Sardá diseinatzailearentzat hil osteko autortzea da dominea, aurten bertan zendu diralako. Espainiatik kanpoko sortzaileak be kontuan hartu ditue, adibidez, Hans Zimmer konpositorea. 

Beste saritu batzuk dira Sara Baras, Tirant Lo Blanch argitaletxea, Antonio Resines, Gustavo Dudamel, Paz Muro, Emilio Lledó eta Manolo García. 

Dominea jaso daben hiru euskal herritarrez gan, Emilio Sagi be badago zerrendan. Asturiarra dan arren, Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa izan zan Sagi luzaroan, 2008tik 2016ra, eta lotura estua dauka euskal arte eszenikoakaz. 

Montxo Armendariz (Olleta, 1949

Euskal zinemagintza konprometiduaren ordezkari nabarmena da 1970eko hamarkadatik. Askatasunaren aldarrikapena, antxinako bizimodua, historia eta kritika politikoa ohikoak dira bere ibilbidean. Arrastoa itxi dabe haren film askok: Tasio, Mikelen heriotza, Secretos del corazón, Obaba...

Álex de la Iglesia (Bilbo, 1965)

Hau be azken urteotako zinemagile aitagarrienen artean dago, baina haren lanak sarriago jo dau fantasiara, absurdora eta umorera. Bide horretatik tiraka, maisulan bat baino gehiago egin ditu, Mirindas asesinas (1990) eta Acción mutante (1992) ikonikoak tartean, azkeneko hori bere lehenengo film luzea. El día de la bestiaLa comunidad eta Balada triste de trompeta be nabarmentzekoak dira. 

María Bayo (Tutera, 1961)

Nafarroan hasi zan kantugintzan, baina laster egin eban nazinoarteko saltoa. Haren soprano ahotsa zuzenean zein makina bat diskotan entzun leiteke, gehienbat zartzuela eta opera generoetan. Sari entzutetsuak irabazi ditu, esate baterako, Vianako Printzea Saria, Espainiako Musikearen Sari Nazionala eta Eusko Ikaskuntzaren Humanidadeen Saria. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu