Osasun neurri bereziak Bilboko errege-opil solidarioan

Bizkaie! 2020-12-30 09:54   Kulturea

Euskal Museoan banatuko ditue errazinoak, eta hitzordua aurretik eskatu behar da.

Caritaseko eta erakunde babesleetako ordezkariak, opil solidarioa aurkezten (argazkia: Caritas Bizkaia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Errege Egunaren bezperan, urtarrilaren 5ean, egingo dabe Bilboko XVII. errege-opil solidarioa, Caritas Bizkaia erakundeak antolatuta. Alkartasuna izango dau helburu ekitaldiak, betiko legez. Oraingo honetan, baina, aldaketa ugari egongo dira, Covid-19ak behartuta. Plaza Barrian barik, Euskal Museoan egingo dabe errazinoak banatzeko saioa, goizeko 10:00etatik 14:00etara, holan edukierea kontroletea errrazagoa izango dalakoan. 

Opilaren zati bat eta txokolate beroa nahi dituanak, aldez aurretik emon beharko dau izena, horretarako atondu daben webgunean, Caritasen egoitzan edo Euskal Museoan. Ezarritako orduan joan beharko dau persona bakotxak, eta jasotakoa han bertan jan beharrean, kalean edo etxean disfrutau beharko dau opilaz eta txokolateaz. Euro banatan emongo ditue errazinoak.

Erregeetako opil edo errosko solidarioa egiteaz Bizkaiko Okindegien Alkartea arduratuko da, Lapiko Catering eta LogiFrío Bilbao enpresakaz lankidetzan. Handi-handia izango da, 500 kilo baino gehiagokoa, errezeta tradizionalaren arabera egina. Hortaz, osogai kantidade itzelak beharko ditue: 250 kg urun, 50 kg azukre, 75 kg gurin, 100 dozena arrautza, 25 litro laranja-lora ur, 25 kg legamia, 30 kg fruta azukreztadu eta 5 kg gatz.

Caritas Bizkaiari lagunduko deutse alkarte, erakunde eta enpresa ugarik, erronka solidario hau ahalik eta ondoen beteteko. Zazpi Kaleetako Merkatari Alkartea da laguntzaile nagusia, eta Laboral Kutxa babeslea. Café Iruña Cateringek txokolatea emongo dau, Kaiku eta Baqué enpresek doan emondako osogaiakaz egina.

XVII. edizinoa antolatzeko, ezinbestean kontuan izan ditue pandemiak eragindako trabak, baina hileotako bizipen solidarioak be gogoan hartu nahi izan ditue antolatzaileek, eta balioa emon herritarren konpromisoari eta justizia sozialaren alde eragileek egiten daben lanari.

Errege-opil solidarioaren helburu nagusia, hain zuzen be, alkartasuna zabaltzea da, batez be pobrezian, gizarte-bazterkerian edo babes barik dagozan ume eta gazteei aukerak errazteko. Aurten, arrakala digitala gainditzeko ahaleginean jarriko dabe arretea, izan be, ume askok ez dabe baliabide nahikorik euren ikasketak behar dan moduan jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu