XV. Bizkaia Kirolak Sariak emon ditue
2020-12-29 13:38 KirolaBFA-k lurraldeko oinarrizko kirolean egindako lana goraipatu dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Kirola Sariak emon ditu sei kategoriatan: kirolari-kategorian, Jone Magdaleno Albizu taekwondoko kirolaria; entrenatzaile onenaren kategorian, Jose Mario Lopez Villalibre (saskibaloia); erakunde-kategorian, Berango Atletismo Taldea (atletismoa); zuzendaritzako langile onenaren kategorian, Naia Fernandez Veiga (saskibaloia); talde onenaren kategorian, Abra Itsas Kirol Errege Klubeko eta Sporting Errege Klubeko Jose Luis de Ugarte Bela Eskola taldea; eta, azkenik, entrenatzaile onenaren kategorian, Fernando Oteo Fernandez (ping-ponga).
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak Bizkaiko oinarrizko kirolaren lana autortu dabe gaur.
Unai Rementeriak Bizkaian kirolaren arloko personek eta erakundeek egiten daben beharra goraipatu dau: Egoera honetan gatxa da edozer egitea. Zer esango dogu zuen jarduereari, kirol jarduereari, jagokonez. Baina arazoak gainditutearen adibidea be bada, hobetzen jarraitzeko errealidadera egokitzearen adibide. Baina erantzun bikaina dagoanean ez gara ahaleginagaz akordetan. Eta hori da azpimarratu gura dodana. Ahaldun Nagusiak Bizkaia Kirolak Sarien finalistei gogorarazo gura izan deutse: sariak zuen ekintzen ondorio dira, handiak zarie zuen diziplinetan zarienagaitik eta egiten dozuenagaitik.
Bestalde, Lorea Bilbaok ondokoa adierazo dau: Inguruabarrak gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiak autorpen publikoa egin gura izan dau Bizkaian oinarrizko kirolak egin dauan eta momentu honeetan egiten dauan beharra eta ahalegina txalotzeko. Finalera heldu diran hautagaiak Bizkaiko kirol sistemearen
ordezkaritza bikaina dira. Momentu larria bizi dau kirol-sistemeak baina seguru gaindituko dauala abagune hau, gaindituko dogula, Bizkaiko kirola osotzen daben persona eta erakundeen talentua eta energia kontuan hartuta. Bilbaok esan dau: Guretzat erabagiorra da oinarria sendoa izatea talentu handiz betetako kirol-sare indartsua eregiteko; horregaitik da hain garrantzitsua gure lurraldean oinarrizko kirolaren mailea. Amaituteko esan dau: Bizkaiko kirolak etorkizuna ziurtatuta dauka, gaur egun lorpen handiak ereiten zagozeelako.
Bizkaia Kirolak Sariak kirol-autorpenerako ekitaldia da eta, horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, lurraldeko oinarrizko kirolean dagoan talentua eta kalidadea ikusarazo eta balioetsi nahi ditu. Hamabosgarren edizino honetan 2019. urtean lortutako kirol-merezimenduak hartu dira kontuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!