Bizkaiak bat egin dau Txirrindularien Europako Federazinoagaz
2020-12-23 12:11 Pil-pileanUrietako mobikortasun jasangarria bultzatzen dau erakunde horrek.
Bizkaiko Foru Aldundia-k erabagi dau ECF, European Cyclists' Federation edo Europako Txirrindularien Federazinoan sartzea, uri edo herri barruko desplazamenduak egiteko bizikletea erabiltearen aldeko asmoaren barruan. ECFk azpimarratzen dau txirrindularitzeak zelan laguntzen dauen Nazino Batuen Garapen Jasangarriko Helburuak beteten eta mobikortasun jasangarriko sistemak sustatzen.
1983an sortu eben ECF, Europako hamabi alkarteren ekimenez. Gaur egun, 50 herrialdetako 75 erakunde inguru dira bertako kide. ECFren egiturearen barruan Bizikletentzako Uriak eta Eskualdeak sarea dago, eskualdeetako eta lekuan lekuko administrazinoen topalekua. Hor dagoz Bilboko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia, eta, aurrerantzean, Bizkaiko Foru Aldundia batuko jake.
Uriak eta Eskualdeak sarearen helburuetako bat da bizikletea urii-plangintzako praktiken erdigunean jartea, pentsamendu politikoa aldatuz eta babestuz. Horrezaz gan, txirrindularitzea sustatzeko balio daben ezagutzak, urtenbideak eta estrategiak konpartidutea be bada beste lehentasun bat, alkarregandik ikasteko. Foru Aldundiaren esanetan, helburuok bat datoz Bizkaian egiten dabizan lanagaz.
Garraioak eta Mobikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko foru diputadua dan Miguel Ángel Gómez Viar izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaria ECFn.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!