Artium Museoak 'Ez dakit zer pasatzen dan azken aldi honetan' erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-12-23 09:28   Kulturea

Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren lehen sei edizinoei buruzko ikerketearen emoitzea da.

Artium, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, Ez dakit zer pasatzen dan azken aldi honetan (A01 aretoa, 2021eko martiaren 21era arte) erakusketea aurkeztu dau. Erakusketak Vitoria-Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren lehen sei edizinoen kultura-testuingurua aztertzen dau, epe horretan saritutako bideoen proiekzinoen, dokumentazino eta Marivi Ibarrolaren erretratu bilduma baten bidez. Ez dakit zer pasatzen dan... Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gómez Egiluzek komisariautako proiektua da eta Artium Museoak hautatu dau Komisario Barriak 2020 programan. Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketearen aldi kronologikoan kokatuta, 1980ko hamarkadako euskal testuinguruko praktika eta kategoria kulturalak barrikusteko azterketa-kasu legez funtzionetan dau.

Ez dakit zer pasatzen dan azken aldi honetan erakusketea Vitoria-Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren (1985-1990) lehen sei edizinoei buruzko ikerketa-proiektu baten emoitzea da. Lehen urte horreetan, mahai-inguruen eta aretoetako proiekzinoen bidez, Espainian eta nazinoartean egiten ebizen pieza bideografikoak ezagutzeko esparru bat sortu zan.

Lehen urteko erantzun bikainak bigarren edizino bat ahalbidetu eban, euskal eszena artistikoaren bideoaren aldeko apustua sendotuko ebana. Ipar Amerikako eta Europako eraginak hurreratzeko asmoa 1987tik aurrera indartu zan, baita telebista-plataformeagaz eta bideogintzearen prestakuntzeagaz eta industriagaz hartu-emonetan jarteko asmoa be. Vitoria-Gasteizko Udalak Ikerketa eta Teknologia Barrien Zentroa (CINT) sortzeak eta hurrengo urtean Manuel Palacioren zuzendaritza bultzatzeak indartu egin eben 1990eko hamarkadan iraungo eban proiektu baten jarraipena eta egiteko modu barriak bereganatzeko kapaz izango zan hizkera bat.

Erakusketan 80ko hamarkadako bigarren erdialdean lehiaketara aurkeztu ziranen arteko dozena bat bideo musikal dagoz ikusgai; erakusketeak, gainera, Jaialdiagaz lotutako urte horreetako dokumentazino bilduma zabala batzen dau: katalogoak, erretratuak eta prentsako artikuluak, besteak beste. Zinemaldiaren iragarki-kartelak be badagoz, Mintxo Cemillán (1985), Carlos Marcote (1986), Fernando Illana (1987), Javier Hernández Landazabal (1988) eta Juan Carlos Eguillor (1990) artistek egindakoak. 1989ko kartelaren egilea ezezaguna da.

Marivi Ibarrola kazetari eta erretratugilearen argitaratu bako artxiboko erretratu multzo esanguratsu batek be leku nabarmena dau. Jaialdia sustatzeko bideo batek eta Pedro Espinosa musikari eta kazetariak 80ko hamarkadan egindako aire zabaleko kontzertuen grabazino sorta batek osotzen dabe erakusketea.

Komisario Barriak 2020

Artium Museoaren, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroaren eta Azkuna Zentroaren parte-hartzeari esker, Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako Komisario Barriak programearen helburua komisariotzearen praktikak jorratzea eta artearen munduko profesional barriak sortzea eta sendotzea da.

KBKren 2020ko edizinoa hiru bekaren deialdian gauzatu zan, zentro laguntzaile bakotxeko bana, ikastetxe bakotxaren lan-arlo zehatzei lotuta. Hautatutako hiru proiektuak ondokoak izan ziran: #ÁGORA / CEMENTO / CODÍGO, Lekutan Kultur Alkarteak Tabakalerarako aurkeztua; Mario Paniegoren Espacio Publicitario, Azkuna Zentrorako, eta Ez dakit zer pasatzen dan azken aldi honetan. Gasteizko musika-bideo jaialdia, 1985-1990, Ane Lekuona, Itziar Gutierrez eta Iñigo Gómez Egiluzena, Artium Museorako.

Jarduerak

- Mahai-ingurua: Mobimentu alternatiboa eta aldarrikatzailea Gasteizko kultura-testuinguruan 80ko hamarkadan, zezeilaren 24an, eguaztenean. Koordinatzailea: Pedro Espinosa.

- Hurrengo bisita gidatuak Ez dakit zer pasatzen dan azken aldi honetan erakusketara, abenduaren 26an, zapatuan, 17:30ean.

- Urtarrilaren 2an, zapatuan, 12:30ean, Lorategitik progaramara batutako Istorio(ak), eregiten dagoan bilduma batetik abiatuta programako bisitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu