Bizkaiko merkatarien online plataformea izango da Eup!

Bizkaie! 2020-12-22 09:47   Pil-pilean

Konsumo-ohitura barrien aurrean denda txikiak indartzea da helburua.

Eup! plataformea aurkezteko ekitaldia (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazinoak Eup! plataformea martxan jarriko dabela iragarri dabe, merkatari txikien online plataformea. Urtarrilean hasiko da proiektu barrira egokitzeko fasea, eta udabarrirako martxan egotea espero dabe. Nahi daben Bizkaiko dendari txiki guztiek bat egin ahal izango dabe, eta, horri esker, euren produktuak zabaltzeko beste bide bat izango dabe eskura. 

Lehiakortasuna hobetzeko eta lekuan lekuko denden sektoreak dituan erronkei aurre egiteko asmoz jaio da Eup! plataformea. Izan be, konsumo-ohiturak aldatzen hasi dira, eta jokera hori indartu baino ez dau egin konfinamenduak. Internet bidezko erosketak gero eta ohikoagoak diranez, banatzaile handiek merkaduaren zati gero eta handiagoa hartzen dabe, denda txikiek ez dabelako baliabiderik. Horren aurrean, batzea da urtenbidea, eta alkarlanean, denda txiki ugariren online plataformea sortzea.

Xabier Sagredo BBK-ko lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu dabe Eup!, beste eragile eta arduradun politiko batzukaz batera. Azaldu dabenez, proiektu zabalago baten barruan dago Eup!, tokiko merkataritzearen eraldaketan eta digitalizazinoan aurrera egiteko, eta sektorearen erronkei erantzuteko martxan dagoan estrategia baten barruan, hain zuzen.

Merkatariei prestakuntzea eta laguntzinoa emotea da helburu nagusia, ingurune digitalak eta marketin-kanal barriek dakarren gaitasun guztia erabili ahal izan deien. Merkataritzeak estrategia omnikanala behar dau, hartu-emonetarako eta alkarrekintzarako gune guztietan, fisiko eta digitaletan, bezeroari esperientzia integrala ziurtatu ahal izateko, adierazo dau Xabier Sagredok. 

Eraldaketa digitalak eskaintzen dituan aukerak aprobetxetako eskatu deutse saltegiei Unai Rementeriak, eta bertokoa modu kontzientean eta arduratsuan kontsumiduteko deia egin deutse herritarrei. Tokiko merkataritzeak, bertokoa izateaz gan, digitala be izan behar dau, dino Rementeriak, denda fisikoak ezin dirala ahaztu nabarmendu arren, herriei eta kaleei bizia eta argia emoten deutsielako. 

BBK arduratuko da plataforma digitalaren kudeaketaz. Urtarrilean hasita, merkatariek bat egin ahal izango dabe, eta prestakuntzea zein aholkularitzea jasoko ditue. Udabarrian Eup! martxan egotea da asmoa.

Produktuak modu eroso eta intuitiboan bilatu eta alderatzeko, transakzino seguruak egiteko eta erosketak banatzeko gune handi bat izango da plataformea, hurreko ingurune batetik egina. Merkataritza-gune digital horrek, ganera, Bizkaiko jarduera eta enplegua dinamizetan lagunduko dau, ahalik eta ingurumen-eragin txikienagaz, hurreko logistika-sare jasangarriak erabiliko dira eta.

Eraldaketa digitaleko proiektu honetan hiru miloe euroko inbersinoa egingo dabe BBK-k eta Foru Aldundiak hurrengo hiru urteetan. Zenbateko horren barruan sartzen dira, besteak beste, aholkularitzea, digitalizazinoa, prestakuntzea, teknologia, euskarria eta laguntzinoa emotea merkatariei. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu