Foruko San Kristobal ermitan balio historiko handiko Kristo aurreko hilarria topau dabe

Bizkaie! 2020-12-22 09:29   Kulturea

Harri sakratu bat da, mendez-mende gurtutakoa.

Foruko Udalak parrokiagaz batera San Kristobal ermitan martxan jarritako barriztapen-lanen testuinguruan, Kristo aurreko hilarri bat topau dabe, ondare-balio handikoa; Mikel Magunazelaia Foruko alkatea izan da topau dauena. Obretara sarritan egiten zituan bisitetako batean, luzitu zati txiki bat kendu eta begien aurrean eukan leiho-ateburua ez zala edozein pieza ikusi eban.

Foruko San Kristobal ermitako estalkia eta fatxadak egoera txarrean egon dira, Foruko ondarean, historian eta memoria kolektiboan erreferentziazkoa dan eraikinean eta, horregaitik, hori betiko ez galtzeko, konpromisoa hartu zan legealdiaren hasieran, izan be, zaharbarritzea gaur egungo udal-korporazinorako proiektu programatikoetako bat da eta, horregaitik, Udalak diruz lagundu ditu obrak.

Ermitearen ezaugarri historiko eta ondarezkoak kontuan hartuta, batzorde bat sortu zan aurtengo urrian, honako honeek osotutakoa: Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zerbitzua, Gotzaindegia, Eleiz Museoa, Gernikazarra Historia Taldea eta obrak behar bezela egiteko beharrezkoak diran jarduerak zehazteko, arkeologia-jagoletzea eta aurretiazko balorazinoa egiteko kontratautako enpresea: Ramón Gabiola izenekoa. Testuinguru honetan eta nabearen estalkiaren ordezkapena amaituta, aurkikuntza baliotsu hau egin da.

Eraikinaren eta ingurunearen baldintza bereziak eta batzordeak egindako dokumentuan jasotako esku-hartze erispideak kontuan hartuta, obren arreta berezia eta jarraipena egin behar izan da. Mikel Magunazelaia Foruko alkateak berak egin dau lan hori, udalbatzaren ordezkari legez, baldintza guztiak beteten dirala ziurtatzeko. Bisita horreetako batean, obrako arduradunagaz batera, dagoaneko hondatuta egoan luzituaren zati bat kentzeak zer eragin izan eikean egiaztatu gura izan eban, hau da, entokadura-geruza horrek ezkutaten eban leihotik argia sar eiten, eta hilarria topau eban, ohiz kanpoko zeozer bezela identifikau ebana. Aurkikuntzaren barri berehala emon jakon Bizkaiko Forua Aldundiko Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zerbitzuari eta pieza horri buruzko txostena egiten dago.

Hilarria Kristo aurrekoa da, 80 x 35 x 18 zentimetroko neurrikoa eta harearrizko pieza bat da. Aurrealdean eguzkia irudikatzen dauen disko astral bat dauka. Kantoian kurutze paralelo bi daukaz eta horreek goiko erdialdean bardinak diran beste kurutze bigaz kurutzatzen dira perpendikularrean. Harri sakratu bat da, mendez-mende gurtutakoa eta XVI. mendeko baseleizaeren eraikitzaile kristauek be errespetau ebeen.

Aurkikuntza honek Foruko aparteko ondare historikoa berretsi eta aberastu egiten dau, izan be, Forun sekuentzia historiko apartekoa dago, Burdin Arotik hasita gaur egunerarte bidaiatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu