Joan Mari Torrealdai gogoan, Jakinen zenbaki monografikoan

Bizkaie! 2020-12-21 12:31   Kulturea

Torrealdairen ekarpena sakon aztertu dabe haren aditu eta lagunek.

Joan Mari Torrealdai (argazkia: Jakin) | Ikusi handiago | Argazki originala

Garagarrilean hil zan Joan Mari Torrealdai (1942-2020), Jakin aldizkariaren bultzatzaile nagusietako bat, zuzendaria be izandakoa luzaroan. Horregaitik, Jakinen 240. alea hari eskainitako monografikoa da, Jakini ez eze, euskereari eta kulturgintzeari egindako ekarpen oparoa jorratzeko eta Torrealdairi omenaldia egiteko asmoz plazaratua. 

Aurten, behintzat, egiterik espero ez genduan zenbaki monografikoa da hauxe, adierazo dau Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Torrealdai ezustean eta nahi baino lehenago joan zala gogoan hartuta. Baina, egiten hasita, ganorazko omenaldia egin deutse Jakinen orrietan, aditu eta lagun ugariren analisi, eretxi eta gogoetak batuta, Torrealdairen lan zabalaren ahalik eta ertz gehien jorratu nahian.

Torrealdai: Euskara herri izenburua dauka monografikoak. Bost eremu aztertu ditue, bakotxa aditu baten eskutik. Dabid Anautek euskalgintzatik begiratu deutso Torrealdairi; Garazi Arrulak liburugintzearen azterketa soziologikotik; Imanol Murua Uriak euskerazko hedabideei egindako ekarpenetik; Lourdes Otaegik zentsurearen inguruko azterlanetatik; azkenik, Agurtzane Juanenak Euskal Liburutegi Nazionalean jarri dau arretea, Torrealdairen ames bete bakoan. 

Bestetik, monografikoa biribiltzeko, Lorea Agirrek hiru pentsalari handi batu ditu, eta, Torrealdai abiapuntu, hareen gogoetak Jakinen orrietara eroan. Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi dira hiru pentsalariok, Torrealdairen bidelagun izandakoak. Ganera, Joan Mari Torrealdaik orain dala bost urte idatzitako testu autobiografikoa be ekarri dabe monografikora. 

Beste alde batetik, Jakinek gogora ekarri dau dagoeneko ikusgai dagoala euren webgunean Joan Mari Torrealdairen obra osoa digitalizauta (hemen). Duda barik, euskalgintzan zein euskal kulturan dabilen edozeinentzat, altxor ikaragarria. Izan be, 57 urteko ibilbidean, Torrealdaik 592 idazlan eta 13.613 orrialde plazaratu zituan. 1963tik 2019ra bitarteko dokumentuak dagoz konsultagai.

Jakineko erredakzino buru Xabier Eizagirrek azpimarratu dauenez, Torrealdairen bizitza osoko ibilbide intelektualaren emaria batu dabe sareko atal horretan. Torrealdairen lana danon eskura egotea oso garrantzitsua da, ziurtatu dau Eizagirrek. Beste inork aztertu ez dituan gaiak landu zitualako, euskerearen jazarpena edo liburugintzea, esaterako. Eta, ganera, euskerearen eta euskal kulturearen garaian garaiko preminei lotuta jardun eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu