'Zura eta Ura' erakusketea eta liburua jentaurrean

Bizkaie! 2020-12-21 11:18   Kulturea

Konrado Mugertza da proiektuaren zuzendaria.

Zura eta Ura, proiektu fotografiko-literarioa, gure arrantza-portuek eraikuntzan zura material sintetikoakaz ordezkatzearen ondorioz izan daben nortasun-galereari buruzko hasunarketea dakarrena. Proiektu honek Bizkaiko Erriberako azken arotzak be omendu gura ditu, izan be, ogibidea galtzen doa, itxasontziak eregiteko jokera aldaketearen ondorioz.

Ontziak eregiteko zuraren ordez beste material batzuk erabiltearen ondorio nagusiak bi dira: kolorea eta nortasuna galtzea eta ibaiertzeko arotzeriaren sektorea desagertzea.

Portuetako polikromia desagertzearen ondorioz, arrantza-portuek berezkoak zituen ikusmen-aberastasuna eta berezitasuna murriztu egin dira, izan be, leku bereizgarriak eta gomutagarriak dira munduko hainbat lekutan. Euskadiko arrantza-portuetan, urdina, gorria eta berdea izan dira kolore nagusiak. Koloreen buztarketea hori bizitzea ulertzeko modu baten isla da, denporan zehar sendotuz joan dan nortasun-adierazpen izan arte eta, hain zuzen be, identidade horren galerea islatu gura dau Zura eta Urak.

Itsasontziak eregiteko jokera-aldaketa horren beste ondorioetako bat da erriberako arotzeria, artisau-ontziola txikiak eta zurezko ontziak eregi, konpondu eta mantentze-lanakaz lotutako industria osoa desagertuz doala, apurka-apurka.

Proiektuak erakusketa ibiltaria eta liburu bat ditu; Konrado Mugertza eibartarrak zuzendu dau, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Laboral Kutxak eta Baskegur-ek finantzauta, eta Itsasmuseuren eta Donostiako Aquariumaren alkarlanari esker.

Erakusketea hainbat erretratuk osotzen dabe, artistikoak eta dokumentalak eta egurrezko, burdinezko eta harrizko ehunduren kolorea irudikatzen dabe. Erretratu horreek guztiak Konrado Mugertzak, artista eta erakusketa ugaritako komisarioak, egin ditu. Saiakera labur batzuk eta ibilbide handiko egileen literatura-testuak be topau geinkez, besteak beste, Leire Bilbao, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe eta Jokin de Pedrorenak, bai eta Jesús Mari Lazkano artista plastikoarenak, Humberto Astibia irakaslearenak eta Julián Murelaga Lekeitioko erriberako arotz eta irakaslearenak be.

Bestalde, erakusketan ikusgai dagozan irudi eta testu guztiak batzen ditu argitalpenak. Liburuan, testu nagusiak euskeraz dagoz eta, ondoren, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko itzulpenak agiri dira.

Zura eta Ura 2021eko irailera arte egongo da ikusgai Bilboko Itsasmuseumen eta udearen ondoren, Donostiako Aquariumera eroango dabe; liburua, barriz, aitatu museoaren gure dendan eskuratu daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu