Aratusteak ez egitea proponidu dau Bilboko konparsak kolektiboak
2020-12-21 07:50 Pil-pileanEz dago osasun-baldintzarik 2021eko zezeilaren 6tik 16ra Bilboko Aratusteak atontzeko.
Prebentzino-erispideei eta alkar-jagoteko filosofiari eutsiz, Bilboko Konparsak kolektiboak uste dau ez dagoala osasun-baldintzarik 2021eko zezeilaren 6tik 16ra Bilboko Aratusteak atontzeko, modu presentzialean bederen. Konparsak aztertzen dabiz modu telematikoak, Aratusteen balore nagusiak diran kritika sozial eta politikoari eta anabasari bide emoteko ia baliogarriak diran. Aratusteetarako 50 egun falta diranean, Bilboko Arriaga plazan aurkeztutako proposamena Bilboko Jai Batzorde Mistora eroango dabe, bertan eragile danen artean erabagiteko. Batzorde hori preminaz deitzea eskatu dabe. Bestalde, bilbotarrei eskatu deutse osasungintzea eta bestelako zerbitzu publikoak defendiduteko.
Konpartsen ustean, ez dago osasun-baldintzarik 2021eko Bilboko Aratusteak atontzeko eta, beraz, Aratusteak ez egitea da onena. Gatx ikusten dogu Aratusteen balore nagusiak diran kritika sozial eta politikoari eta anabaseari bide telematiko duina emotea, fribolidade barik: ez gunke gura programau behar dalako programetea baina aukerak aztertzen gabiz, adierazo dabe Itsaso Aldaiturriagak eta Iñigo Iglesiasek Bilboko Konparsak erakundearen bozeroaileek.
Proposamen hori Jai Batzorde Mistora eroango dabe, erakunde horrek antolatzen baititu Bilboko Aratusteak, bertan danon proposamenak balorau eta erabagi daigun. Konparsek azaldu dabenez, aspaldi eskatu genduan batzorde hori abenduan batzea, izan be, oso berandu dabiz aurten eta preminazkoa da ahalik eta lasterren informazinoa eta ziurtasunak emotea bilbotarrei, alkarteei, kolektiboei, sortzaileei eta artistei, nork bere planak egin daizan. Azaldu dabenez, kontzertuak, antzezlanak, umeen olgetak, mozorroak eta koplak ez dira inprobisetan: aurretiaz lan eta maitasun asko ipinten da holakoetan. Itziar Urtasun jai zinegotzi eta Jai Batzorde Mistoko presidenteari eskatu deutse batzordea ahalik eta azkarren batu daian, Gabonak baino lehen, edo gitxienez, Urtebarria baino lehen.
Osasuna herritarren ardura kolektiboa da, baita erakundeena be
Konparsen eretxiz, ardura kolektiboa dogu herritar, alkarte eta kolektibo danok pandemia-sasoian kutsatze-bideak murrizteko. Baina esan behar da gure harri-koxkor hori jartea ez dala nahikoa. Ez da posible pandemiari aurre egitea bitartean erakundeek osasungintza publikoan murrizketak egiten segiduten badabe.
Gogorarazo dabenez, Deustuko Alkartasun Sareak deitutako kontzentrazinoan parte hartu eben konparsek, Deustuko anbulatorioko osasun-langile eta erabiltzaileakaz batera, gauez osasun-zentroa zarratu ez deien aldarrikatzeko: Kontu larria da, baina aldi berean, txikikeria baino ez da murrizketa eta pribatizazino aro honetan, konparsen eretxiz. Horregaitik, bilbotarrei eskatu deutse Aratusteen balore nagusiak berreskuratu eta kritika sozial eta politikoa erabiltea, osasungintzea eta bestelako zerbitzu publikoak defendiduteko, lan-baldintzen alde egiten eta okerren dagozanak babesteko sareak sustatzeko: Danon artean lortuko dogu Covid-19ko krisi krudelagaz batera bizi dogun krisi ekonomiko larria betikook pagau ez daigun!. Holan, gizarteagaz erantzukizunez eta senez jokatzeko eskatu dabe, alkar jagon eta, era berean, jai-eredu parte-hartzailea eta konpartidutako erabagiguneei eutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!