Xabier Zeberio: 'Estetika bat edo soinu bereizgarri bat dira taldearen ikurra'
2020-12-21 08:05 BarriketanAlos Quartet - 20 urte zuzenean, taldearen ibilbideko bosgarren lana da eta honezkero aurkeztu izan dabe zuzenean upealako harrera beroagaz. Makinatxu bat kolaboratzaile izan ditue: Oreka TX (Ezpatadantza, Harridurak, Mari Kanaky, Fan and go), Aitor Etxebarria (Ezpatadantza, Oi Pello Pello, Uheretan, We are, Udako euria, Mode, Mari Kanaky, Uretan, Abuztua, Ezin erran nizun hitzez), Iñigo Egia (Ezpatadantza, Uheretan, We are, Ikusten duzu goizean, Mode, Mari Kanaky, Leitza, Uretan, Abuztua, Fan and go, Ezin erran nizun hitzez, A ragtime), Ivan Alzate (Ezpatadantza, Uheretan, We are, Mode, Mari Kanaky, Leitza, Uretan, Fan and go, Epel, Ezin erran nizun hitzez, A ragtime), Gari eta Josu Zabala (Aitormena), Natxo de Felipe, Anton Latxa, Bixente Martinez (Mode, Ezin erran nizun hitzez), Gorka Hermosa (Mode, Hosto dantza) eta Izaro (Uretan).
Alos Quartet dira Xabier Zeberio, nyckelharpa, biolina, kalimba; Francisco Herrero, biolina; Lorena Nuñez, biola; eta Ivan Carmona, biolontxeloa.
1.- Hogei urte ez dira joan alperrik eta Oskorrin emondako urteak be ondo gogoan izango dozuz. Zer emon deutsu Alos Quartet taldeak? Eta zeuk taldeari?
Oskorri izan zan nere bizitza musikalaren hasierea, nere unibersidadea. Esango neuke ni musikari bezela nazena Oskorriri zor deutsadala neurri haundi batean. Oskorrin sartu eta urte batzutara sortu genduan Alos Quartet. Alos Quartet nere sormenari bide emon deutson proiektua dala esango neuke. Nik Alosi nere musikea eskaini deutsadala uste dot.
2.- Jean Phocasen ardurapean, zuzenean grabautako diskoa da, 18 kantu eta ordubete eta lauren inguruko iraupena dauena. Ze erispide erabili dozue Kantuak aukeratzeko?
Zuzenekoetan 25 kantu inguru eskaini genduzan baino CDaren luzera fisikoaren mugakaitik, hainbat kantu diskotik kanpo itxi behar izan doguz. Beti da gatxa aukeraketea egitea baino nik uste 18 honeek bikain jasotaen dabela Alos Quarteten ibilbidea, baita kontzertuetan sortu zan giro eta magia berezi hori be.
3.- Musika estiloei jagokenez, muga bako taldea da Alos Quartet. Musika herrikoia, klasikoa zein melodikoa jorratzen ditualako...
Beti izan da gatxa gure estiloa katalogetea. Gure musikea ñabardura eta estilo askoren baturea dala esango neuke. Urte honeetako bizipen guztien isla be bai. Nere ustez, estilo bat baino gehiago, estetika bat edo soinu bereizgarri bat dira taldearen ikurra.
4.- Berbak zeureak dira gehienak baina Harkaitz Canorenak be badagoz. Ze gai darabil Canok?
Taldearen obra gehientsuena instrumentala da. Halan da be, disko guztietan sortu eta sartu dogu kantetako doinuren bat. Nere kasuan ez naiz bape jaioa letrak idazten. Ni musika konposatzeaz arduratzen naz, eta letretarako horretan lehen mailako artistak diran idazleakana jo izan dogu. Harkaitz Canoren kasuan, aspaldikoa da bion arteko laguntasuna eta alkarregaz sortu izan ditugu Oskorriren hainbat kantu. Izarorenak dira bestalde Uretan kantuaren berbak. Musikari aparta izateaz gan letragile bikaina be bada Izaro.
5.- Zelan buztartzen dira Aitor Etxebarriaren elektronikea eta Alos Quartet?
Aitor ezagutzea azken urteetako sorpresa onenetarikoa izan da. Lau gure aurreko diskoan alkarlan estua izan genduan eta hainbat kanturen soinu-diseinua landu eban. Ospakizun kontzertu honeetan be Aitor geugaz izan da. Esango neuke gure musikeari maila estetikoan ate eta bide barriak edegi deutsozala Aitorrek.
6.- Zeuk be taldean urteak egin ostean, Oskorri taldeko Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez zuzenekora ekartea derrigorra zan...
Hunkigarria izan zan bai, Oskorri agurtu eta bost urte joan diran honetan, barriro eurekaz eszenarioa konpartidutea eta musikea egitea. Bilboko kontzertuan kantu bi moldatu genduzan Alosegaz batera joteko eta benetan momentu gogoangarria izan zan guretzat.
7.- Pop melodiak erantsi deutsoz Izaro Andresek Alos Quartet taldeari?
Izarogaz, aurreko diskoan Uretan kantua sortu genduan eta XX. urteurren kontzertutako bitan (Donostian eta Tolosan), geugaz izan genduan zuzenean. Oso kantu berezia da Izarorena, berbakaz azaltzen gatxa dan zeozer dauka Izarok, magia.
8.- Taldearen ibilbideko bakarkako bosgarren lana da 20 urte zuzenean izenburuko hau eta diskografiari erreparauta gitxitxu dala esan leike jenteak. Zer esango zeunskie?
Gure lan egiteko modua oso berezia da. Polito, patxadaz eta mimo handiz egiten ditugu gauzak. Prisa barik eta gure diskoen arten hamaikatxu proiektutan sartuta egon izan gara. Proiektu askotan kolaborau eta hainbat pelikulatako soinu-bandak be grabau ditugu. Bitxikeria moduan, orain urtebete Silvio Rodriguezegaz batera La Vida kantua grabetako aukerea eskaini euskuen Juan Carlos Cambas pianista argentinarragaz batera. Esperientzi oso berezia izan zan.
9.- Zuzenekoetan, Dulce Pontes, Silvia Iriondo zein Bilboko Udal Txistulari Bandeagaz zein orkestra batzuekaz be jo dozue...
Suertedun sentidu izan gara beti. KolaboraziNo zerrenda luzea daukagu urte honeetan guztietan eta beste batzuk nabamentzearren Kepa Junkera, Benito Lertxundi, Xabi Aburruzaga, Ken Zazpi, Los Piratas eta beste hainbat.
10.- Iker Elorrietaren film barrirako musikea be grabau dozue. Zelako esperientzia izan da?
Soinu-banda ugari grabetakoo gonbitea be jaso izan dogu konposatzaile hundiakaz: Pascal Gaigne, Angel Illarramendi, Bingen Mendizabal... Azkenekoetako bat, lehengo urtean estreinau barri dan Akelarre filmako musikea be grabau genduan.
11.- Alos Quartet 20 urte zuzenean jentaurrean be eskaini dozue. Zelakoa izan da jentearen harrerea?
Oso jarrera beroa. Gu gehienbat zuzeneko taldea gara. Asko gozetan dogu kontzertuetan publikoagaz sortzen dan kimika horregaz. Errepetidu ezinak dira jentearen eskaerak. Eroso sentiduten gara.
12.- Beste Bat zikloaren barruan, kontzertu bi eskainiko dozuez urtarrilean, Irunen eta Sopelan. Errepertorioan diskoko kantuak ala bestelakoak be eskainiko dozuez?
Gehienbat azken boladako doinuak eskaintzen ditugu baino tarteetan gure ibilbideko doinuak be jotea gustetan jaku. Oso errepertorio bariatu eta dinamikoa izaten da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!