Maider Lopezen 'Arnasa' argi-instalazinoaren azken egunak
2020-12-18 11:41 KultureaAbenduaren 31ko goizaldean, 01:30ean, amaiera emango jako Arnasa argi-instalazinoari.
Bilboko Arte Eder Museoaren eta Banco Santander Fundazinoaren eskariz sortu eban Arnasa Maider López artisteak (Donostia, 1975). Bagilaren 4an inaugurau ebenetik, museoak bizia hartu dau iluntzero –orain, 20:30etik aurrera–, giza arnasketearen erritmoan argiztatuta.
COVID-19aren pandemia globalak eraginda, aurrez bizi bako konfinamendua bizi izan dogu eta Museoak eta Banco Santander Fundazinoak Maider López artisteari eskatu eutsen esku-hartze artistiko bat egiteko, arteak eta museoek historiako momentu barri honetan zer zeregin daben hausnartzeko. Emoitzea Arnasa izan zan; argi-instalazino horretan, museoko aretoak eta espazioetako argiak biztu eta amatau egiten dira giza arnasketearen kadentziari eutsiz: zarratuta eta gizaki barik egonda be, artearen espazioak arnasa hartzen dau eta komunidadearen ezagutzeari eta artisten sormenari ekarpena egiten deutso.
Obra Gonbidatua programearen historian –19 urte eta 63 edizino–, lehen aldiz eskatu dau museoak ex profeso sorkuntza-lan artistiko bat egiteko eta, gainera, formatu garaikide bat erabili da, instalazinoa, hau da, espazioagaz beragaz eta gaurkotasunagaz lotzeko.
Arnasa lanari esker, oinezkoak museoaren bisitari bihurtzen dira, hain zuzen, bertako artelanak begiesteko, hormetatik harago mugak zabalik dituan museoaren bisitari.
Arnasa (2020)
Gaur egungo osasun krisiak egoera guztiz berezia eragin dau eta egoera horretan zarratuta egon dira ia mundu osoko museoak; halan da be, lanean jarraitu dabe: galeriak hutsik egon dira, koadroak eta lanak ondo mantentzeko giro baldintza egokiak izan ditue, museoko beharginek jagonda beti. Ikusle barik be margolanak hor egon dira eta, beharbada, baita jentearen imajinarioan be; baina, batez ere, museoan egon dira.
Maider Lópezen lanaren bitartez zabaldu egingo ditu Bilboko museoak bere mugak eta bisitaria, orain arte absente, paseari bihurtuko da –Charles Baudelaireren norabako flâneur–, ez baitau lana museo barruan ikusiko, kanpotik baino, urian noraezean ibilteak eta aire zabalaren premineak kolektiboaren pasino bihurtu diran historiako sasoi honetan.
Maider López (Donostia, 1975)
Arte Eder lizentziaduna da Euskal Herriko Unibersidadean eta Londresko Chelsea College of Arts-en egin zituan graduondoko ikasketak. Nazinoartean oihartzun handiena dauen euskal artistetako bat da.
Arkitekturea eta eremu publikoa abiaburu daben ekintzetatik eta esku hartzeetatik abiatuta osotu da bere lana; egunerokoa hautemateko eta haregaz hartu-emonak izateko modu barriak proponiduten deutsoz ikusleari. Haren lan askotan izaten da ikusleen parte hartzea eta aldatu dan espazio batean sartzen ditu, haren parte izan daitezan.
Lópezen lana Espainian zein nazinoartean erakutsi da. Veneziako Biurtekoan parte hartu eban 2005ean (The Experience of Art, 51 Biennale di Venezia), Xarjakoan 2009an (Provisions for the Future, Sharjah Biennial 9, United Arab Emirates) eta Istanbulekoan 2013an (Mom, am I a Barbarian, 13th Istanbul Biennial).
Horrezaz gan, hainbat proiektu egin ditu espazio publikoan eta erakusketak museoetan eta hainbat kultura erakundetan: Galería Espacio Mínimo, Madril (Zoom in, 2017); Matadero Madrid (1645 Tizas, 2016); Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, eta MARCO, Vigo (Desplazamiento, 2015 eta 2016); Les Ateliers de Rennes, 4ª Biennale d'Art Contemporain, Rennes, Frantzia (Play Time, 2014); Lower Austria Contemporary (Mountain, 2013); SKOR. Foundation Art and Public Space eta Witte de With Contemporary Art, Herbehereak (Polder Cup, 2010); Centre Pompidou-Metz, Frantzia (Eclats, 2010); SCAPE, Christchurch Biennial of Art in Public Space, Zeelanda Berria (2008); Guggenheim Bilbao (Chacun à Son Goût, 2007) edo Caixa Forum Bartzelona (Columnes, 2006).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!