German Elorzaren argazkien egutegia plazaratu dabe
2020-12-17 13:43 KultureaAukeratutako hamabi argazkiak Bilboko Itsasmuseumen kanpoaldean be ikusi ahal izango dira.
Bilboko Portuko Agintaritzeak eta Euskadiko Artxibo Historikoak German Elorza argazkilariaren (1910-1983) obrea gizarteratzeko egin dabe bat. Elorzak itxitako ondare zabaletik hamabi argazki aukeratu, eta egutegi formatuan plazaratu ditue, hilabete bakotxeko irudi bat. Portuko Agintritzearen 2021eko egutegia dan hori, salgai dago dagoeneko.
Era berean, hamabi argazkiok formatu handian ikusi ahal izango dira, Bilboko Itsasmuseumen aurreko zabalgunean ipiniko daben erakusketeari esker. Abenduaren 18an, barikuan, edegiko dabe.
German Elorzaren lana argazki-erreportajeei lotuta egon zan gehienbat. Bere sasoiko Bizkaiko gizartea eta bizimodua ederto agertu zituan kamarearen bidez. 1932tik 1974ra bitarteko Bizkaiko kronikatzat jo leiteke bere obrea. Euskadiko Artxibo Historikoan Elorzaren 100.000 bat argazki dagoz gordeta.
Egutegirako aukeratu dituen argazkiak 1940 eta 1964 urteen artekoak dira. Bilbon, Erandion, Santurtzin, Portugaleten eta Sestaon egin zituan Elorzak, eta danetan agiri dira itsasadarragaz eta portuko jarduereagaz lotutako eszenak. Argazkiak lekukotasun ikusgarriak dira, esate baterako, Bilboko Udaletxeko zubia edegita erakusten dauena.
Portuko Agintaritzeak euskal argazkilari ezagunen obrea erabili izan dau azken urteotako egutegiak apaintzeko. German Elorzaren aurretik, Eulalia Abaitua, Telesforo Errazquin eta abarren argazkiak agertu izan dira beste urte batzuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!