Umore Grafikoko Eskola Lehiaketan parte hartutako 400 ikasleren lanak ikusgai
2020-12-17 13:22 KultureaJa! Jaialdiko Umore Grafikoko VI. Eskola Lehiaketako 50 bineta eta komiki-banda baino gehiago jarriko ditue ikusgai.
Ja! Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiko Umore Grafikoko VI. Eskola Lehiaketaren berrogeita hamar bineta eta komiki-banda baino gehiago jarriko ditue ikusgai, datorren zapatutik aurrera, Bilboko Erriberako Merkatuan. Erakusketea abenduaren 27ra arte egongo da zabalik.
Pandemiaren zailtasunak gorabehera, lehen hezkuntzako seigarren mailatik DBHren laugarren mailara arteko 400 ikaslek gogo handiz parte hartu dabe lehiaketan. Aurtengo edizinoak personen eskubide eta aukera bardintasuna izan ditu gaitzat.
Teresa Laespada foru-diputadua, Juan Bas Ja! Jaialdiko zuzendaria eta Carolina Ontivero zuzendari laguntzailea arduratuko dira sari-banaketaz.
Erakusketan Bizkaiko herri desbardinetako 400 bat ikasleren lanak sartu dira lehiaketan. Lanik gehienak aurreko itxialdian eta azken hiruhilekoan DBHren lehen eta bigarren mailako ikasleek aurkeztutakoak dira.
Benetan txalogarria da eta itxaropentsua be bai, urte gogo honetan hainbeste ikaslek umore grafikoko lehiaketan parte hartzeko denporea, esfortzua eta talentua eskaini izana. Horretan oso garrantzitsua izan da irakasleen motibazinoa be. Uste dot aurtengo gaiak, bardintasunak, hausnarketa garrantzitsu bati emoten deutsola bide, hau da, zorigatxen aurrean danok garela bardinak eta alkarren beharra daukagula eta bardintasunean eta alkartasunean baino ezingo deutsegula aurre egin, azpimarratu dau Juan Basek, Umorezko Literaturearen eta Artearen Jaialdiko zuzendariak.
Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Saila eta El Correo egunkaria babesle dirala, XI. Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiak eskolako umore grafikoaren 6. Lehiaketa deitu dau eta helburua da umoreak kultura eta hezkuntza-adierazpen moduan dauen
garrantzia gaztetxuei helarazo eta personen eskubide eta aukera-bardintasuna azpimarratzea, aintzat hartu barik jatorria, edadea, sexua, gaitasuna, sexu-orientazinoa edo erlijinoa.
Zapatuan, 19an, eguerdiko 12:00etan, Erriberako Merkatuan, egingo da sari-banaketea. Hain zuzen, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru-diputaduak, Juan Bas zuzendariak eta Carolina Ontivero zuzendari laguntzaileak 100 €-ko txartelak emongo ditue Bilboko Cámara eta Joker Comics liburu-dendetan gastetako. Aurreko edizinoetan finalista danak gonbidatuak izan badira be, aurten sarituek baino ez dabe izango ekitaldira joateko aukerea, pilaketei aurre egin eta COVID-19a prebeniduteko helburuari eutsiz. Era berean, erakusketa-gunean irabazleen lanak jarriko dira ikusgai:
- Uxue Rodríguez (4o DBH / ESO, San Pedro Apóstol ikastetxea, Bilbao).
- Jimena Rodríguez (3o DBH / ESO, I.E.S. Etxebarri B.H.I., Etxebarri).
- Martín Gómez (2o DBH / ESO, Ikasbide ikastetxea, Bilbao).
- Eunate García (1o DBH / ESO, Bilboko Escolapioak ikastetxea).
- Unax Etxebarria (6º LH / EP, Maristas Bilbao).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!