Txandaka saileko laugarren liburua aurkeztu dau Alaine Agirrek
2020-12-17 10:37 KultureaHeldutasunera bidean dan nerabe baten gorabeherak batu ditu Ane-n.
Institutuko ikasketak amaitu eta bere bizitzeagaz zer egin erabagi behar dau Anek, Alaine Agirre idazle bermeotarraren nobela barriko protagonisteak. Ez dau bape argi zer egin nahi dauen, baina gursoek ezarri deutsen bidea ez dau hartu nahi, behinik behin. Horregaitik, behartuta Ekonomia ikasten hasiko dan arren, laster itxiko dau unibersidadea, eta Bilbora joango da, pisukide bigaz.
Hortaz, helduaroko ardurak eta erabagiak hartu behar dituan gazte baten zalantzak, erabagiak eta bizipenak batu ditu Agirrek Ane liburuan (Erein). Ezarritakoari aurre eginez, bere bidea topetan ahaleginduko da. Pisuko bizimoduaren, lagun barrien eta harategi baten topau dauen lanaren bidez, bizitzeaz asko ikasiko dau protagonisteak.
Bildurrari, ziurbakotasunari, konbentzinoei aurre egingo deutse Anek, erabakimenez eta nortasunez. Eta, gazi-gozoz betetako bide horretan, bere burua eregiko dau, collage baten lez, gustetan ez jakozan piezak albo batera itxi eta txataltxu barriak hartuz adiskidetasunetik, hausnarketetatik zein bizipenetatik.
Txandaka bildumako aurreko lanetan be agertu izan da Ane, baina oraingo honetan bera da istorioaren ardatza. Ganera, orain arte agertu ez diran pertsonaia bi aurkezten deuskuz Agirrek Ane-n, Mikel eta Aitziber. Aneren pisukideak dira, eta hareen ondoan asko ikasiko dau.
Laugarren liburua da hau Alaine Agirreren Txandaka bilduman. Aurretik Maren, Libe eta Oier idatzi zituan. Lau nobeletan, helduarora bidean zirt edo zart egiteko momentuan dagozan gazteak dira protagonista. Horrezaz gan, beste liburu ugari be plazaratu ditu Agirrek, prosaz zein poesian: Odol mamituak (2014), X hil da (2015), Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017), Kamisoi zuri zetazkoa (2018) eta Txoriak etortzen ez diren lekua (2017).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!