Gernikako Arbolaren biografia dakar Jose Mari Esparza Zabalegik
2020-12-17 10:22 KultureaGernikako arbola da bedeinkatua / euskaldunon artean guztiz maitatua.
Mende eta erdiz, gure herrialde osoan kantau da Euskal Herriko ereserki nazionala. Holan deitu eutson Iturralde Suit, historialari, saiakeragile eta margolari nafarrak. Jose Mari Esparzak idazlan honetan adierazo dauanez, era guztietako jenteak, ideologia guzietakoak, abestu izan dau Ebrotik Aturrira, kultura, gizarte eta politikako era guzietako adierazpenetan.
Emon ta zabaltzazu munduan fruitua. Musika sorlan handietan jazoten dan legez, Iparragirrek kantau eban lehen alditik, zortziko honek berezko bizia hartu eta Euskal Herriaren askatasunen ereserki bilakatu zan. Mugak gainditu zituan, gure historian euskeraz gehien zabaldu dan testua eta gehien jo eta komentau dan euskal musikea. Idazlan honek Baskonian, euskal diasporan zein literatura unibersalean gure ereserkiak izan dauen ibilbide oparoa erakutsi gura dau.
Adoratzen zaitugu arbola santua. Europar iraultzaileen Askatasun Zuhaitzetatik edanez, 1848ko Pariseko barrikadetan ondu zan; Iparragirre haren egilea jentearen gogoa pizteagaitik salatu eben eta boluntario karlista zaharrek beren ereserki bihurtu. Horregaitik, liberalek bere egin eben, baita ezkertiarrek be geroago eta, azkenik, indenpendentistek be. Isuritako odolak aldarrikapenaren epikaz jantzi eban eta Gernikaren bonbardaketeak sistema totalitarioen kontrako sinbolotzat hartu eban. Ereserki nazional gitxi harrotu daitekez munduan horren biografia duin eta zirraragarria izateaz.
Jose Mari Esparza Zabalegi (Tafalla, 1951)
Altaffaylla kultur alkartea sortu eta talde horren izenean argitaratu zituan memoria historikoari, herri kultureari eta nafar ohiturei buruzko lehenengo liburuak, besteak beste, Navarra 1936. De la esperanza al terror (1986) lana koordinau eban. 1988an, fabrikea eta sindikalismoa baztertu eta Txalaparta argitaletxearen buru jarri eta 30 urte egin ditu bertan. Prentsan ehunka artikulu kaleratu eta oihartzun handiko 20 liburu baino gehiago idatzi ditu, besteak beste, Jotas heréticas de Navarra (1988); ¡Abajo las quintas! (1994); Potosí. Andanzas de un navarro en la Guerra de las Naciones (1995); Historia de Tafalla-Tafallaren Historia (2001); Réquiem para sordos (2004), Cien razones por las que dejé de ser español (2006); Como puta por rastrojo (2009), Tafalla. Historia y fotografía 1867-1930 (2010), Mapas para una nación. Euskal Herria en la cartografía y los testimonios históricos (2011), Euskal Herria. Kartografian eta testigantza historikoetan (2012), Vascosnavarros. Guía de su identidad, lengua y territorialidad (2012), La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardía? (2015), Nuestro pueblo despertará (2016), Tres tristes trileros (2016) eta Apología. Memorias de un editor rojo-separatista (2018).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!