BBVAk 423.000 aleko funts bibliografikoa emon deutso Bizkaiko Foru Aldundiari

Bizkaie! 2020-12-16 13:21   Pil-pilean

XIX. eta XX. mendeko historia ekonomikoa ulertzeko giltzarri dira horko agiri asko.

Unai Rementeria eta Carlos Torres Vila, funtseko agiriak ikusten (argazkia:BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

BBVA banketxearen Bizkaiko Agiritegi Historikoaren parte diran funts bibliografikoen parte handi bat Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu dira, 423.000 aleko dohaintzeari esker. Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta BBVAko lehendakari Carlos Torres Vila egon dira dohaintzea egiteko ekitaldian, Bilboko Foru Jauregian. Era horretara, erakunde publikoen ardurapean eta herritarren zerbitzura geratuko dira XIX. eta XX. mendeko milazak agiri. 

Euskal ekonomiaren historia hobeto ezagutzeko garrantzitsuak dira dohaintzan jasotako funts bibliografikoak, batez be XIX. mendeari eta XX.aren hasikereari jagokonez. Kutxa horreetan gure izatearen zati bat dago, adierazo dau Unai Rementeriak. Banku baten historia baino gehiago da, Bizkaiaren historia be bada: zelakoak garen eta zelan heldu garen hona.

BBVAren Agiritegi Historikoan banku-taldearen historiari buruzko dokumentuak gordeko dira aurrerantzean: agiriak, liburuak, argazkiak, zigiluak eta museoetan egon ohi diran gauzak, batez be. Bizkaiko historia sozioekonomikoari lotutako funtsak, ostera, Foru Aldundiaren esku egongo dira, dohaintzeari esker. 

Horrenbestez, Foru Agiritegiaren ondarea nabarmen aberastuko da, 7.200 titulu eta 423.000 aleko dohaintzea dan ezkero. Aldizkariak, egunkariak, monografiak, erreferentzia-lanak, entziklopediak, burtsetako kotizazinoen buletinak, urtekariak... dagoz. 

Aitatzekoa da La lucha de clases XIX. mendeko astekari sozialistearen lehenengo alea dagoela funtsean, Bizkaiko Foru Agiritegiak orain arte euki ez dauen dokumentua. Bilboko burtsearen 1891-1898 aldiko buletinen serie oso bakarra be badago dohaintzan jasotakoen artean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu