Bermeoko Ormaza fabrikearen eraikina, Babes Bereziko Kultura Ondasun
2020-12-16 09:37 KultureaEusko Jaurlaritzeak dekretu bidez emon deutso izendapena 1942an eregitako lantegiari.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak egin dauen batzarrean, Bermeoko Ormaza fabrikearen eraikinari babes berezia emotea adostu dau, eta dekretu bidez zabaldu dau agindua: Aurrerantzean, Babes Bereziko Kultura Ondasuna izango da, Monumentu kategorian. Beraz, irailean hasitako prozesuak emoitzea izan dau, eta Bermeori aberastasun arkitektonikoa, historikoa eta kulturala emoten deutsan eraikin hori behar dan moduan gorde ahal izango da.
Dekretua indarrean dagoanez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Kulturalaren erregistroan sartuko dau Jaurlaritzeak Ormaza fabrikea. Ganera, izendapenaren barri emongo deutsie Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bermeoko Udalari. Eraikina modu seguruan eta dituan ezaugarri guztiei eutsita gordeko dala ziurtatuko dabe erakunde publikoek, ondare-balioa autortzeaz gan.
Tradizino handiko enpresea da Conservas Ormaza, 1923an Ruperto Ormazak sortua. Honen seme Anton Ormaza enpresearen gidari zala eregi eben gaur egungo eraikina, Askatasun Bidea kalean, 1942an. Pedro Ispizua arkitekto entzutetsuak egin eban diseinua. Ordura arte konserba-enpresek erabilten zituen eraikinen aldean, apurtzailea zan honako hau.
Bermeon bertan jaio zan Pedro Ispizua arkitektoa, 1895ean, eta Ormaza fabrikearen enkargua jaso ebanean, bere ibilbidearen heldutasunean egoala dinoe adituek. Ez da erraza Ispizuaren obrea estilo jakin batean sartzea, eklektikoa zalako, baina XX. mendearen lehenengo erdian boladan egozan jokera batzuk buztartzen zituan: Art Déco, arrazionalismoa, espresionismoa... Ormaza eraikinean be estilo horreetako batzuen arrastoa agirikoa da.
Eraikina industriarako eta bizitoki izateko diseinauta dago, familia-ekonomiaren erakusgarri dalako. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zanaren (gaur egun desagertuta dago) gelaurreari jagokon bolumen erantsiak moltso bat osotzen dabe, Askatasun kalera begira. Nabea atzealdeko fatxadeari atxikita egoan, eta orubearen amaieraraino heltzen zan. Gaur egun, nabea ez dagoanez, parte bat hutsik dago orubean.
Ormaza fabrikeari jagokon babesa emotea beharrezkotzat jo dau Jaurlaritzeak, era askotako balioak transmitiduko deutsezalako gaur egungo herritarrei zein hurrengo belaunaldiei. Esate baterako, arraina eraldatu eta konserban gordeteko metodoek herrira ekarri eben iraultzea, orduko aurrerapen teknikoak, beste fabrika batzuen aldean Ormazakoak daukan estilo arkitektoniko barritzailea... horreen danen espilu da fabrikea.
Bermeoren memoriaren gordelekua da, beraz, Ormaza fabrikea, baina ikuspegi artistikotik be badau zer eskaini: Estilo arrazionalistea, elementu ikonografikoak, funtzionaltasuna eta monumentaltasuna buztartzen ditu. Materialen erabilerea (adreilua eta porlana) eta inguruko kaleen itxuran daukan garrantzia be aitatzekoak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!