Euskal Selekzinoa ofizial izateko eskaria egin dabe FIFAn eta UEFAn
2020-12-16 08:57 KirolaSuitzan izan dira Federazinoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, proposamena aurkezten.
Euskadiko Futbol Federazinoak pausu garrantzitsua egin dau FIFA eta UEFA nazinoarteko erakundeen eskubide osoko kide izateko eta, beraz, futbol selekzinoak txapelketa ofizialetan jokatu deian. FIFAk eta UEFAk Suitzan daukiezan egoitzetan izan dira Federazinoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, eskabidearen barri zehatza emoten dauen agiria aurkezten.
Luis Mari Elustondo Federazinoko presidentea, Nerea Zalabarria presidenteordea, Jon Redondo Jaurlaritzako Kirol zuzendaria eta David Salinas-Armendariz arlo legaleko kidea joan dira Suitzara. Lehenengo, Zurichen egon dira, FIFAren egoitzan. Ondoren, UEFAra jo dabe, Nyonera.
2018ko abenduan Euskal Futbol Federazinoak Durangon egin eban batzarrean onartutako eskariaren ondorio da orain egindako pausua. Aldeko 43 botogaz eta abstentzino bategaz, Federazinoa FIFAn eta UEFAn zuzenean sartzeko eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko bideari ekitea onartu zan.
Nazinoarteko erakundeetan aurkeztutako agiriak proposamen zehatzak dakarz. FIFAn eta UEFAn eskubide osoko kide izan daiten espediente bateratua abiatu daitela eskatzen dau Euskal Federazinoak. Eskakizun formal guztiak beteteko urtebeteko epea edegiteko be eskatu dabe, eta bitarte horretan adostasuna bilatu beharko da prozesuan zeresana daben alde guztien artean: FIFA, UEFA, Espainiako Federazinoa eta Euskal Federazinoa.
Jaurlaritzako eta Euskal Federazinoko ordezkariek adierazo dabenez, lege aldetik bideragarria da eskabidea, UEFAk eta FIFAk estadu bako nazinoei ateak zarratzen deutsezen arren. Independenteak ez diran nazino batzuk eskubide osoko kide dira gaur egun be, eta, beraz, Euskal Federazinoak be lekua izan leike.
Konpromisoa, fede ona eta gogo sendoa ditu Euskal Federazinoak prozesu honetan, euskal herritar gehienek nahi daben bidea ofizialtasunarena dalakoan. Euskal futbolaren eskabide historikoa dala ganeratu dabe.
Federazinoak eta Jaurlaritzeak honako agiriok aurkeztu ditue FIFAn eta UEFAn: Euskal Federazinoaren estatutuen kopia bat; Euskal Selekzinoaren ehun urte baino gehiagoko historiaren laburpena; Jaurlaritzeak egindako lege-txosten bat; Durangoko batzarrean onartutakoaren kopia bat; eta Espainiako Federazinoari bialdutako jakinarazpena, prozesu honen barri emoten.
Bestetik, Euskal Futbol Federazinoak eta Eusko Jaurlaritzeak urte hasieratik lan-mahai bat martxan dabela azaldu dabe, Euskal Selekzinoaren inguruan gogoetea egin eta proiektua berrindartzeko. Mahai horretan klubak, jokalariak eta selekzinoaren aldeko eragileak dagoz. Helburua da, epe laburrera Euskal Selekzinoaren poiektua berrindartzea, eta, osasun egoereak aukerea emoten dauenean, euskal zaleakaz barriro bat egitea, azpimarratu dau Federazinoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!