Pandemiara egokitutako aurrekontua izango dau Bizkaiko Kultura, Euskera eta Kirol Sailak

Bizkaie! 2020-12-15 09:07   Kulturea

Alor estrategikoak sendotu eta sistema egonkortzeko, 49,7 miloe euro erabiliko ditu 2021ean.

Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin dau Lorea Bilbaok, Foru Aldundiko Kultura, Euskera eta Kirol diputaduak, 2021eko aurrekontuen nondik norakoak aurkezteko. Covid-19aren eraginez bizi dogun egoera gatxa kontuan izanik eginiko aurrekontuak dira, adierazo dau Bilbaok. Alor estrategikoak sendotzea eta sistema egonkortzea izango da 49,7 miloe euroko partidearen helburua. 

Euskerea alor transbersala izango da aurrekontuotan, jarduera guztietan kontuan hartuko dan aldagaia izango dalako. Kulturea, garapena eta ondoizatea lortzeko giltzarria izango da; kirola, bizi-kalidadea hobetu, balioen transmisinoa bultzatu eta aukera bardintasuna lortzeko bidea. 

Aurrekontua holan banatuko dau Sailak: Euskerara 7,4 miloe euro; Kulturara, 31,3 miloe; Kiroletara, 8,1 miloe; azkenik, zerbitzu orokorretan erabiliko ditue 2,8 miloe. 

Euskereari jagokonez, erabilerea gizartearen eremu guztietara zabaltzeaz gan, lan lerro zehatz batzuk be aurreikusi ditue: Euskerearen ezagutzea eta erabilerea; IKTak esparru barrituetarako eta belaunaldi barrietarako ardatza; euskerea zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza lez bistaratu; eta bizkaierea sustatu.

Ezagutzea eta erabilerea bultzatzeko, esate baterako, programa ugari dagoz martxan. Eskola kirolean esku hartuko dau, eta kirol federazinoakaz alkarlanean jardungo dau. Berbaguneak antolatzen segiduko dau Bizkaiko eskualde guztietako hiztunak aktibetako. Gazteen artean euskerea erabiltea sustatzeko asmoa be ezin da ahaztu. 

Bizkaierearen atalean, euskereari bizi-indarra emoteko proiektuak be sartu ditu Foru Aldundiak. Atal horretara 950.000 euro bideratuko dira; besteak beste, euskerearen interpretazino zentroaren eskaintzea eguneratu eta gaur egungo moldeetara egokitzeko.

Beste alde batetik, kulturea eta sormena bultzatzeko atalean ahalegin berezia egingo dauela agindu dau Lorea Bilbaok. Izan be, pandemiak bete-betean jo dau sektorea: lehenak zarratzen eta azkenak zabaltzen izan dira kulturgileak. 2020an Covid-19agaitik martxan jarritako neurri batzuei eutsiko deutse datorren urtean: udal antzokiei laguntzino bereziak, Eskena Garatu egitasmoa, ikus-entzunezkoak eta arte eszenikoak zabaltzeko deialdiak...

Ganera, Bizkaia ondarearen lurralde bihurtu daiten lanean segiduko dau Kultura Sailak, horretarako 1,3 miloe euro erabilita. Omako basoa, labar artea, industria ondarea, Euskal Museoaren erabarritzea, La Encartada Moda eta Europako Ondarearen Jardunaldiak dagoz lehentasunen artean. 

Bizkaiko gizartearen kultur sorkuntzea eta dinamismoa babestu eta sustatu beharra be aitatu dau Lorea Bilbao diputaduak. Horretarako egitasmoak antolatzen segiduko dabe (Ertibil, Musika Master, Arte Bideak, Basque Corner...), kultur sareak eta lankidetzak aktibetea ahaztu barik. 

Alkarlanari eutsiko jako ondorengo ekimen eta erakundeakaz: ABAO, Bilboko Koral Alkartea, Bizkaiko Abesbatzen Alkartea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Asociación vizcaína de acordeones, Teatrako, Fair Saturday, Artekale, P6, La Hacería, Moving artist, FIG, Dantzaldia, Loraldia eta Break On Stage.

Azkenik, kirolen atalean, bertoko modalidadeak bultzatzea eta indartzea izango da lehentasun nagusia, federazinoen eta Bizkaia Frontoiaren bidez. Munduko Sokatira Txapelketea, 2020an Getxon jokatu beharrekoa, atzeratu egin zan pandemiagaitik, eta 2021ean egin daiten babesa emoteko konpromisoa hartu dau Foru Aldundiak. 

Eskola Kirolean tresna barri bat martxan jarriko dabe, hau da, familiei informazinoa bialtzeko eta prozesuak errazteko sistemea. Kirolean kudeaketa aurreratua, barrikuntzea, ikerketea eta formazinoa bultzatzeko partidea be badakar aurrekontuak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu