Bilboko Arte Eder Museoak dohaintzan jaso dau Xabier Sáenz de Gorbearen funts dokumentala

Bizkaie! 2020-12-11 07:55   Kulturea

Museoko Liburutegian egongo da aurrerantzean.

Bilboko Arte Eder Museoak dohaintzan jaso dau Xabier Sáenz de Gorbea getxotarraren funts dokumentala; espainiar arte garaikidearen bilduma nabarmena da, euskal artean arreta berezia jarten dauena. Museoko Liburutegian egongo da aurrerantzean. Ondare horren zati adierazgarri bat museoan egongo da ikusgai orain, museoaren bildumeari jagokon W (writer/idazlea/escritor/écrivan) aretoan. 

Xabier Sáenz de Gorbea dokumentu funtsa aparteko garrantzia dauen funts dokumental pribatua da, bai bolumenagaitik, bai lanen kalidade bibliografiko eta zientifikoagaitik, bai eta Espainiako arte garaikidearen historiografia artistikoari egindako ekarpenagaitik be, euskal arteari arreta berezia eskainita. Gainera, Xabier
Sáenz de Gorbearen hiru jarduera nagusiak jasota dagoz bertan: historialaria, arte-kritikaria eta irakaslea. Aldi berean, iraunarazo egiten dau etorkizuneko historialari eta ikertzaile belaunaldientzat harek izan eban eskuzabaltasun intelektuala –UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleei liburutegia zabaltzen eutsen eguaztenerao–.

Multzo hori dohaintzan emotea ekarpen baliotsua da eta aberastu egin dau Museoko liburutegia 1985ean sortu zanetik jasoten joan dan euskal arteari buruzko dokumentu bildumea. Orain bilduma bi batu izana pausu garrantzitsua da Arteder –Euskal Arte Garaikidearen Dokumentazinoeta Azterketa Zentroa– proiektuaren etorkizunerako, erreferentzia baita espezialistentzat eta euskal arte garaikidea ikertu ahal izateko. Lorpen hori lotuta dago museoak gure inguruko arte-sorkuntzea ikertzeko eta zabaltzeko dauen helburuagaz. Gitxi gorabeherako datuetan, honako material honeek dagoz dohaintzearen barruan:

▪ 11.500 monografia artistiko.

▪ 3.800 arte-aldizkari.

▪ 69.700 prentsa ale, 70eko hamarkadatik aurrerakoak.

▪ 330 kutxa kultura prentsako zatiakaz.

▪ Egunkarietako 4.700 asteko gehigarri.

▪ 55.000 liburuxka eta erakusketa katalogo.

▪ Xabierrek egindako 90.000 diapositiba, nazinoarteko ekitaldi artistikoetakoak (Arco, Veneziako
Bienala, Kasseleko Dokumenta, eta azokak: Basel, Lyon, etab.).

▪ 180 diskete eta 28 kasete (lanerako materialagaz eta berbaldiakaz).

Xabierren omenezko testu ederra idatzi dau Kirmen Uribek erakusketarako:

Kritikari ona ez da epaile bat. Ez dago justizia egiteko. Kritikaria ez dago lan batzuk goraipatu eta besteak baztertzeko. Abiadura bizkor horretatik kanpo dago. Artearen historialariaren lana lasai irakurtea da, denporearen joanetik gogoetea egitea, lorazain batek legez, pazientzia handiz aztertzea zelan hazten diran landareak, notak hartzea bere koadernoan eta gero hori dana era ulergarri batean azaltzea. Denporea behar da kritikari ona izateko. Kritikari onak ikusten ditu beste inork ikusten ez dituan gauzak. Kritikariak erakusten deusku zelan irakurri artelan baten atzean dagozan mila istorioak. Horregaitik dira hain beharrezkoak.

Xabier Sáenz de Gorbea, gainera, pauso bat aurrerago joian. Lan eskerga egin eban euskal artea barru barrutik ezagutzeko eta ezagutarazoteko. Hori argi dago. Baina batez be Sáenz de Gorbea sortzailea zan. Ez ikusle hutsa, kritikari asko bezela. Ez eban kanpotik begiratzen, bere burua busti barik, lokatzean sartu barik. Artearen mundua barru barrutik biziten eban, eta eragin egiten eban gero artistek sortu eien. Artea maitatzen erakutsi eutsen ikasleei, baina batez be, artista izaten, euren barrura begiratu eta begirada kritiko bategaz, gauza barriak sortzeko animau zituan.

W, writer gela honetan, Xabier Sáenz de Gorbearen artxibategia dogu ikusgai. Gitxitan ikusten dira holakoak. Emoitzea baino bidea, kanpoaldea baino barrualdea. Sukaldariaren sukaldea, itsasgizonaren zubia, zientzialariaren laborategia. Sáenz de Gorbeak ezagutzea izan eban helburu bere bizitza osoan, eta ezagutzatik jakintzea lortu eban, eskuzabal mundu guztiari eskaini eutson jakintzea.

Ardura artistikoaren Kritikari eta irakasle zana ohoratzeko eta harek bizitzan zehar eten barik sustatu eban jarduerea bultzatzeko asmoz, haren bikotekide Sonia Ruedak eta museoak Ardura artistikoaren Xabier Sáenz de Gorbea saria sortu dabe.  Urte birik behin egiteko lehiaketa baterako deialdia egin dabe. Lehiaketearen helburua da ikus-arteei eskainitako arduraldia autortzea, arte horreen edozein arlotan: sortzea, aztertzea eta ikertzea, sustatzea, zabaltzea eta bultzatzea. Saria 10.000 euro gordinkoa da, Xabier Sáenz de Gorbearen ondaretik hornidutakoa. 

Erkidegoan ikus-arteak garatzeko ekarpen egiaztatua eta erabagigarria egin daben persona fisiko
edo juridiko guztiak aurkeztu daitekez. Hautagaitzak proponidu eta baloretako epaimahai bat eratuko da, lau kidek osatua: Sonia Rueda, Xabier Sáenz de Gorbearen ondarearen ordezkari lez; Miguel Zugaza, museoaren zuzendaria; eta artearen munduan izen ezaguneko beste persona bi, lehen biek izentauta, batzordekide lanetan ibilteko.

Epaimahaiak proposamen dokumentatuetan aurkeztuko ditu sarirako hautagaiak –epaimahaikide
bakotxak hautagai bi–, eta aldez aurretik onetsi egin beharko ditue. Hautatzeko fasea amaitutakoan, epaimahaiak erispen arrazoitua egingo dau, saritutako hautagaitzea hautatu izana justifiketako. Sariduna 2020ko abenduaren 29an jakinarazoko jake komunikabideei.


Bertan izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeroailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren presidentea; Sonia Rueda, Xabier Saénz de Gorbearen laguna; Javier Novo, Konserbazino eta Ikerketa Sailaren koordinatzailea; Begoña González, Liburutegiko burua; eta Miguel Zugaza, museoaren zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu