Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren webgunea hobetu dabe
2020-12-10 12:42 KultureaBarriro antolatu dabe informazinoa, eta eduki gehiago sartu.
Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren webgunea osoagoa da orain, martxan jarri dituen barrikuntzei esker. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak azaldu dauenez, EAEko ondarearen inguruko informazinoa zabaldu dabe, berrantolatzeaz gan. Euskal Kultura Ondareari buruzko informazino-sistema integrala da barritasun aitagarrienetako bat, balio arkitektonikoa edo historikoa daben lekuen irudiak eta kokapen zehatza emoten ditualako orain.
Ondare izentautako guneen inguruko informazino ahalik eta onena emoteko asmoz, beste hobekuntza ugari be egin dira, datuak eguneratu, monumentu-moltsoak hobeto definidu eta informazino geografikoa txertatuta. Ganera, ondasun inmaterialak sartzen hasi dira webgunean; esate baterako, euskal jantza tradizionalen inguruko 443 erregistro eskuragarri dagoz, eta landa-eremuko inauterien inguruko erregistroak sartzen hasi dira.
Webgunea berregituratzeari esker, orain arte arreta txikiagoa jaso izan daben arloak bistaratu ditue, espazio barriak sortuta. Orain, industria-ondareari eta kultura-paisajeari lotutako edukiak agirikoagoak dira. Hain zuzen be, industriaren kasuan, Ondarearen Zentroak katalogautako pieza batzuen interes handiko informazinoa ganeratu dabe.
Unescok Munduko Ondare izentautako EAEko ondasun guztiak kontsultetako modua be emoten dau webgune barriak, hau da, Bizkaiko Zubia, Done Jakue Bidearen Iparraldeko ibilbidea eta labar-artea daben kobazuloak. Informazino grafiko zein dokumentala topauko ditu erabiltzaileak, eta, Done Jakue Bidearen kasuan, bide ertzean dagozan ondasun kulturaleko elementuetara loturea be badago.
Tresna osogarrien atalean, honako barritasunak dakarz webguneak: Ondare kulturala diran lekuak bisitetako ibilbideak; bisita birtualak; Arkeoikuska argitalpena konsultetako gunea; eta bestelako argitalpen batzuetarako sarbidea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!