100.000 Bizkaia Bono Denda baino gitxiago geratzen dira
2020-12-10 08:47 Pil-pileanMerkataritzeari, artisautzeari eta irudi personalaren sektoreari laguntzea da asmoa.
Establezimenduei laguntzeko Bizkaia Bono Denda kanpainea zabaldu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, deskontudun 100.000 bonu aterata. Kontsumitzaileek 15 euro pagau beharko ditue bonu bakotxa erosteko, eta 30 euroko erosketea egin ahal izango dabe. Aldundiagaz batera, Cecobi, Bizkaidendak, Bilbaodendak eta Bilboko Merkataritza Ganbarea dira ekimenaren bultzatzaileak.
Aurreko kanpainakaz alderatuta, oraingo honetan artisautzearen eta irudi personalaren sektoreetan be erabili ahal izango dira bonuak. Beraz, era guztietako produktuen (elikagaiak barne) txikizkako establezimenduetan, garbitegi eta tindategietan, ule-apaindegi eta apaindegietan, estetika kabineteetan, argazkigintza zerbitzuetan eta Bizkaiko Artisauen Erregistroan dagozan artisauen establezimendu eta lantegietan erabili leitekez.
Ganera, Bono Dendaren eragina Bizkai osora zabaltzeko asmoz, lau eskualdetan banatu ditue bonuak: Bilbo (30.090 bonu); Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri (25.480); Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika-Bermeo (22.900) eta Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroa (21.530). Bonuak eskuratzeko orduan, kontsumitzaileak zehaztu beharko dau zein eskualdetarako nahi dituan.
18 urtetik gorako bizkaitar bakotxak lau bonu erosi ahal izango ditu gehienez, www.bizkaiabonodenda.eus webgunean eta Kutxabankeko terminaletan. 2021eko maiatzaren 31ra arte erabili leitekez.
Kanpaineak ikusmina eragin dau herritarren artean. Bonuak erosteko epea zabaldu eta berehala, milaka lagun ahalegindu dira bonuak erosten, eta webguneak arazoak emon ditu momentu batzuetan. Epearen lehenengo orduak pasauta, 11.000 bonu salduta egon dira.
Tokiko merkataritzeak argia, jarduerea eta bizitzea dakartzoz Bizkaiari. 100.000 bonu eta 1,5 miloe euro jarri doguz Bizkaiko tokiko merkataritzearen zerbitzura, hau da, sektore horretatik bizi diran familia guztien zerbitzura, adierazo dau Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Gabonetan lekuan lekuko denden alde egiteko eskatu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!