Mila Salterain durangarraren 'Sasiola' eleberri historikoa plazaratu dabe
2020-12-09 11:59 KultureaMendez mende gizadiaren historia herritar xumeok egin dogu.
Mila Salterain durangarrak, Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta, Sasiola izenburuko eleberria aurkeztu dau. Durangarra da Mila Salterain eta inguru horreetan XVII. mendean jazotako kontuak dakarz eleberri historikoan. Giménezek adierazo dauenez, talaia ugaritatik hurreratu geintekez nobela historikora. Jazoera historikoak dekoradutzat, ia atrezzo moduan erabili geinkez, guk kontau gura doguzan gorabehera ez historikoak kokatzeko eta koloreztatzeko. Erabili geinkez, bestela, jazoera historiko jakin bat, personajeak eta guzti, akaso, jazo ez zana jazo izan balitz legez aurkezteko... Mila Salterainek aukeratu dauena desbardina da eta ez da bape ohikoa: ez dago eleberri honetan oinarri edo babes dokumental egiaztatua ez dauen funtsezko jazoerarik. Esangura horretan, idazleak berak honako hau esan eban bere aurreko liburu bat aurkezterakoan: personaje historikoen asmoak eta arrazoiak nobelau dodaz» eta editoreak, hari horri tiraka azaldu dauenez, Milak eleberri honetarako aukeratu dituan jazoeretan aukera zabala dago personajeen asmoez eta arrazoiez jarduteko eta gogoetak egiteko. Erreparau deiotsagun, bestela, azpitituluari: Diru faltsua XVII. mendeko Durangaldean: iruzurra ala koroaren aurkako matxinadea?.
Mila Salterainek dokumentazino lan itzela egin dau, gehiena Bizkaiko Artxibategi Historikoan eta liburuaren azken aldean, eranskin legez, xehe-xehe azaltzen dau, batetik, nobelako personajeen nondik norako historikoa; bestetik, banan-banan zerrendatzen ditu nobelako jazoerek sasoiko epaitegietan izan eben ibilbidea (auzia Gaztelako errege-ganbararaino heldu baitzan). Azaltzen ditu kontautako jazoeren ondorioak hainbat alorretan eta, horrezaz gan, personaje nagusien arbola genealogikoa be eskaintzen deutso irakurleari. Argi dago, beraz, kronikatik hur dagoan fikzino historikoa egitea izan dala Sasiola idazterakoan gidatu dauen asmo nagusia. Honako hau azaldu dau Mila Salterainek gai hori berbagai hartuta: Pentsau zer zan XVII. mendean, Manuela Mena, eleberriaren protagonista nagusia, hemeretzi urteko neskatila bat, epai bat tarteko deserriratua eta isun bat ordaintzera derrigortua izatea... Berehala etorri jatan burura galderea: gaizkile hutsa ala injustizia baten biktima ete zan? Hortik abiatu nintzan eta, besteak beste, arbola genealogikoa be osotu neban baina, erantzunak barik, gero eta ugariago agertzen jatazan galderak....
Eleberriaren ingurumari historikoa nahasia da, bihurria: XVII. mendean, Gaztelako koroa etenbako gerran ebilen hainbat erresuma eta herrialdegaz. Alde batetik, bereganatutako lurraldeak koroapean izateak gastu handiak eragiten eutsozan. Bestalde, Ameriketan bereganatutako lurraldeak eta lur hareek emoten eben aberastasuna aprobetxetako zor handiak egin zituen gaztelauek: ehun eta berrogeita hamar urteren bueltan, lau aldiz egin eban porrot Gaztelako Errege Ogasunak. Porrot egoera horretan, diruaren balioak etenbarik egiten eban beherantz eta herritar xumeek sufriduten zituen kalte handienak. Gauzak holan dirala –dino Salterainek–, zelan izan ete zan posible ia berrogeita hamar lagunek osotutako diru faltsutzaile talde bat eratzea eta hamabi urtez lanean ibiltea? Holako talde bat ez da, gero, kontu makala Durangalde baterako. Hamabi urtean ekin eutsen dirua faltsutzeari, non eta Arrazolan! Urrezko, zidarrezko eta kobrezko txanponak egiten zituen eta hainbat erretoreren abalak izan zituen... Baegoan hor aztertu eta ulertu beharreko zeozer.
Azken gogoetatzat, idazle durangarrak zeozelako eskaintzea egin gura izan dau: Mendez mende gizadiaren historia herritar xumeok egin dogu eta egingo dabe, izen propiorik bako protagonistez dago osotuta munduko historia: eurenak ez ziran gerretara joatera derrigortutako soldaduez, handikiak mantentzeko zergak ordaintzera behartutakoez, arrotzen legeak betetzera derrigortutako gizonezko eta andrazkoez, sasoi oparoetako aberastasuna gozau ez arren, premina orduetan euren partea jartera behartuez. Beraz, nobela hau jente xumearen jokalekua da, zor jaku-eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!