'Kymatic'-ek zientzia, musikea eta arte bisualak buztartuko ditu zuzenean Bilbon

Bizkaie! 2020-12-07 13:44   Kulturea

 Zapatuan, hilaren 12an, hainbat bisita gidatu egingo dira Gau Irekia programearen barruan.

Gheada-k Kymatic aurkeztu dau, esperientzia artistiko, zientifiko eta kulturala. Kymatic soinua eta ikusizko zuzenekoa da, Ainara LeGardonen musikeagaz eta Gheadaren bisualakaz. Ikuskizunak zientzia zimatikoa erabilten dau soinu-uhinak irudikatzeko Tunipaneak diseinautako artefaktu analogikoen bidez. Zuzeneko performance honegaz batera erakusketa bat egongo da eta bertan publikoak soinuaren bibrazinoak material desbardinei zelan eragiten deutsen ikusi ahal izango du. Abenduaren 10etik 12ra bitartean zuzeneko ikuskizuna izango da Bilborocken, baita proiektuaren erakusketea be Gheada-ko lan gunean.

Kymatic hurrengo eragileak bateratzen dituan sormen prozesu kolektibo baten emaitzea da: Gheada, idearen bultzatzaile diran artista bisual eta sortzaile legez; Tunipanea luthier esperimentala, soinuaren aurrean erreakzionetan daben artefaktuak sortu dituana; eta Ainara LeGardon musikaria, euskarri horreek aktibauko dituana bere zuzeneko musikeagaz.

Esperientzia kulturala, soinua ikustea ahalbidetuko deuskuna. Kymatic teoria zimatikoan oinarritzen da eta musikeak eta bere bibrazinoak material ezbardinetan dituen efektuak zuzenean esperimentarazoko deuskuz.

Proiektuak hiru atal ditua eta online eskuragarri dagozan edukien bidez erregistrauko da gheada.com/kymatic webgunean.

Kontuak kontu, eguenean, abenduaren 10ean, Kymatic-ek zuzeneko ikuskizun baten itxurea hartuko dau, Ainara LeGardonen musikeagaz eta Gheadaren bisual zimatikoakaz batera Bilborocken. Barikuan, abenduaren 11n, proiektuari buruzko erakusketa didaktikoak ateak zabalduko ditu, zientzia zimatikoaren historia eta teoria ezagutzeko eta Tunipaneak diseinautako artefaktuakaz alkarreragiteko. Zapatuan, hilaren 12an, hainbat bisita gidatu egingo dira Gau Irekia programearen barruan.

Gheada

Bilbon finkatutako estudio artistikoa da, entretenimenduan, arte bisualetan eta eduki originalen sorkuntzan espezializautakoa. Ikus-entzunezkoen munduan hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia daben artista eta sortzaile bisualek osotzen dabe eta hainbat arlotako lanak egin ditue, maila nazionalean zein naziboartean: musika-jaialdiak, antzerkia, bideo-mappinga, artea, dokumentalak, publizidadea eta beste hamaika formatu. Lanotan teknika eta estilo ugari buztartzen ditue eta, nahasketa honi esker, historiaren zerbitzura dagoan estilo eklektikoa jorratu dabe.


Ainara LeGardon (Bilbo, 1976)

Kantaria, gitarrista eta artista autogestionatua da, 25 urtetik gorako eskarmentua duena. Lan oparoa egiten dau rockaren, inprobisazinoaren eta musika esperimentalaren esparruan, bai bakarka bai hainbat kolektibogaz be. Horrezaz gan, lan handia egiten dau ikertzaile eta dibulgatzaile lez Kultur Kudeaketearen eta Jaubetza Intelektualaren alorrean. Zenbait artikulu plazaratu ditu eta SGAE: el monopolio en decadencia (consonni, 2017) saiakerea idatzi eban David García Aristeguigaz batera. Hainbat jantza eta antzerki konpainiagaz lan egiten dau, pieza eszenikoen soinu-bandea zuzenean be jo eban.


Jonathan García Lana a.k.a. Tunipanea (Hasselt, Bélgica, 1985)

Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboko masterra dauen (UPV/EHU), Bilbon finkatutako artistea da eta soinuaren inguruan lan egiten dau. Haren ikerketak eguneroko teknologiak gizartea eregiteko tresna eta mekanismotzat dituan erabilerak berresteko helburua dau. Soinu-tresna propioak eregiten eta joten ditu, horreek sortzeko topautako objektuetatik, osogai elektronikoetatik eta material industrialetatik  abiatuta, erabilera teknologiko garaikidearen inguruan aukera eta galdera barriak sortzeko
beharrezkoa dan osogai emozionala gehituz. Haren ikerketa gehienak praktikoak dira eta publikoari
begirako hainbat jardueratara bideratzen dira, normalean zuzeneko ekitaldietan, lutheria esperimentaleko lantegietan eta erakusketetan oinarrituz.


Kymatic-ek Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera sorkuntza eta kultura sektoreakaz lotutako proiektuetarako dirulaguntza programearen babesa dauka eta Gau Irekia, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabaleko jai soziokulturalean parte hartzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu