June Cresporen 'Helmets' Artium Museora heldu da

Bizkaie! 2020-12-07 12:21   Kulturea

Artistearen ibilbideko hainbat pieza batu ditue erakusketan, batez be eskulturak.

June Crespo, tailerrean (argazkia: Artium) | Ikusi handiago | Argazki originala

June Cresporen ibilbide artistikoan ohikoak diran gaiak landu ditue Beatriz Herráez eta Enrique Martínez komisarioek Helmets erakusketan: aurretik egozan formen irakurketa barriak lortzeko eraldaketa eta konbinazinoak. Cresporen ibilbideko hainbat momentutako obrak dira, gehienak eskulturak, baina erakusketa honetarako beren-beregi egindako pieza batzuk be badagoz. 2021eko maiatzaren 2ra arte ikusi ahal izango da Helmets, Gasteizko Artium Museoan. 

Bere piezetan, Crespok gorputzari eta honek arkitektureagaz dituan hartu-emonei buruzko hizkuntza bat lantzen dau. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazinoa eta hondarra sarri erabilten ditu. Prekariedade materialetik, baliabideen ekonomiatik lan egiten dau. Bere obran konstanteak diran kontzeptuak dagoz erakusketan, bricoleur dalakoaren logikeagaz bat eginez: aurretik egozan formak birkonfiguretako, konbinetako eta eraldatzeko prozesuen bidez, elementu eta irakurketa barriak egiten ditu.

Erakusketea hainbat sailetan antolatu dabe komisarioek, eta horreen artean dago Helmets (2019), espazio guztiak egituratzen dituana eta erakusketeari izena emon deutsana. Giza gorputza aitagai dauen obra-moltsoa da, ebagi, aldatu eta barriro ezarritako gorputz-adarren sekzinoakaz osotua.

Formatu txikiko artelanen saila be badago, Instrumentos y fetiches (2017). Sail barriagoetan, Voy, sí (2020) izenekoan, esate baterako, artisteak material erabilgarriak jarten ditu lehen planoan, argizaria edo eskaiolea, esate baterako, beste ekoizpen batzuetan azken emoitzatik desagertzen diran arren. Bestetik, erakusketea hartzen dauen A1 Aretoko arkitektureagaz alkarrizketea bilatzen dau No Osso (occipital) (2020) sailean, aretoko hormak zeharkatzen dituen obren bidez.

June Crespo Arte Ederretan lizentziadua da EHUn, eta 2015 eta 2017 artean De Ateliers-en (Amsterdam) egon zan. Gaur egun, Leioako Arte Eder Fakultadeko irakasle alkartua da. Jaso dituan sarien artean nabarmentzekoak dira: Mª José Jove Fundazinoaren Nazinoarteko Arte Saria (2019), RNEren Ojo Crítico Saria (2018), Botín Fundazinoaren Arte Plastikoen bekea (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu