Umeen begiradatik sortutako 'Bañolet' telesailak irabazi dau Durangoko Azokako hirugarren sormen bekea

Bizkaie! 2020-12-07 08:56   Kulturea

Lau kapitulu izango dituan telesail honetan Nafarroa Behereako hainbat familiak parte hartuko dabe.

Umeen begiradatik sortutako Bañolet telesail parte-hartzaileak irabazi dau Durangoko Azokako hirugarren sormen bekea. Maia Iribarnek (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, 1988) lau kapitulu izango dituan telesaila sortuko dabe, Nafarroa Behereako hainbat familiaren parte-hartzeagaz. Euskerazko telesail horren osogai nagusiak umorea, absurdoa eta poesia izango dira eta helburua identidadeari buruzko gogoetea egitea izango da.

Durangoko Zugaza Zinemetan egindako jentaurrekoan egon dira Gerediagako presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Ima Garrastatxu eta epaimahaiaren izenean, Amancay Gaztañaga. Bekearen zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da (Durangoko Udalak diruz lagundutakoa) eta sortzaileek urtebete izango dabe euren telesaila sortzeko, hau da, 2021. urteko Durangoko Azokan aurkeztu beharko dabe. Nerea Mujikak adierazo dauanez, datorren urteko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dogu sormen bekearen emoitzaz, bere osotasunean, gozau ahal izateko.

Gaztañagak azaldu dauenez, bekea Bañolet proiektuari emotea erabagi dabe planteamendu barritzaile honek eragina izango dauelako herri oso baten dinamikan. Epaimahaiak be kontuan hartu dau telesailak umeen gogoetak izango dituala ardatz: olgetea, ilusinoa, inozentzia... Era berean, formatuari be erreparau deutse, gaur egungo jokeretan buztartzen dalako.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoyen oso pozik agertu dira bekea jasoteko aukereagaz. Azaldu dabenez, Bañolet telesaila Nafarroa Behereako edade ezbardinetako biztanleakaz eroan gura dugun ikus-entzunezko proiektu parte-hartzailea da. Umorea, absurdoa eta poesia nahastauko ditue telesailean: Identidadearen aurreko gogoeta bat proponidu gura dogu: gizarte antolaketa barriak, hizkuntzea eta nazino identidadea.... Protagonista nagusiak umeak izango dira eta euren begiradea izango da ikus-entzunezko lan honen oinarria.

Musikea be telesail barri honen osogarri garrantzitsua izango da: Kapitulu bakotxean musikeak gidatuko dauen zati bat egongo da (kantuak, batukada erritmoak, herio-orkestrak...). Musikea geuk sortuko dogu eta ekintza eta jazoerak, koreografia bat bezela, erritmo berezi baten bidez lotuko dira, eguneroko gizarte koreografien antzera.

Estetikeari jagokonez, Bañolet atlantiko kostaldeko itsas giro hotzean grabauko dabe, irudi gordin eta kolorimetria berezi bati eutsiz. Lehenengo irudiak Eiheralarren (Nafarroa Beherea) grabau ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu