10. urteurrena ospatuko dau Etxepare Euskal Institutuak
2020-12-07 08:35 KultureaAbenduaren 9an, Donostiatik sareratuko dauen ekitaldi batez.
Hamar urte ospatuko ditu datorren astean Etxepare Euskal Institutuak euskerea eta euskal kulturea nazinoartean sustatzen. Hori dala eta ekitaldi ikusgarria antolatu dau, abenduaren 9an, Donostian, arratsaldeko 16:30etan (Euskal Herriko ordutegian) Tabakalerako Prisman, mundura online zabalduko dana. Bertan, Sra. Polaroiska bikoteak ekintza performatibo bat zuzenduko dau. Ikuskizunaz gan, Institutuak 10. urteurreneko kanpaina barria aurkeztuko dau, protagonistak euskerea eta euskal kulturea munduan zabaltzen lagundu daben hamaika persona dirala. Partaide izango dira, ekitaldiko buru, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile dana. Streaming bidez segidu ahal izango da hemen.
Etxepare Euskal Institutua ehunaka euskal sortzaileren bidelagun izan da 10 urte honeetan. Sortu zanetik urtero, bataz beste, 60 euskal leiho sustatu ditu diziplina ezbardinetako nazinoarteko jaialdi eta programazinoetan eta 200 bira eta nazinoarteko egitasmo inguru babestu ditu. Era berean, 150 bat izan dira Institutuaren laguntzeagaz beste hizkuntzetara itzuli diran euskal literaturako obrak.
Jarduera akademikoari jagokonez, urtero ia 4.000 personek ikasten dabe euskerea munduan, Etxepare Euskal Institutuaren irakaskuntza sare bietako eskaintzeari esker. Batetik, mundu osoko 80tik gora Euskal Etxetan, Euskerea Munduan programearen barruan; bestetik, Europa, Amerika eta Asiako 35 unibersidadetan, euskerea hizkuntzeagaz batera euskal kulturea be erakusten daben. Institutuak euskal ikasketak jorratzen dituen 9 katedra zabaldu ditu nazinoarteko unibersidade entzutetsutan, urtero eskaintza akademiko anitza eta espezializatua eskaintzen dabenak.
Bestalde, Etxepare Euskal Institutua europar kooperazinoan sakontzeko eragile dinamiko lez finkatu da EUNIC (European Union National Institutes for Culture) sareko Bruselako klusterreko kide alkartu dalarik, eta Europar Batasunak babesten dituan hainbat proiektutan esku hartuz. Eta esparru horretan, hizkuntza eta kultura guztiek, hegemonikoek bezainbeste minorizatuek, munduari egiten deutsen ekarpena parekoa eta ordezkaezina dala aldarrikatzen dau Etxeparek, beste hizkuntzen institutuakaz buruz-buru lan egiten.
Era berean, Institutua nazianoarteko hartu-emonak jorratzeko tresna lez be egonkortu da. Herrialde zehatz bategaz joan-etorriko kultur egitasmo estrategikoak sortzeari ekin deutso, herrialde bietako artisten eta kultur eragileen artean zubiak eregi eta euren arteko alkartruke iraunkorrak akuilatzeko asmoz. 2019an egin eben lehena, Eskozian, eta 2021ean Quebec izango da jomugea. Eta etorkizunari begira, aldebiko egitasmo horreek sendotzea dau erronketako bat.
Horregaz batera, eraldaketa digitalaren erronkeari aurre egin eta barrikuntza digitalak eskaintzen dituan aukerak be landu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak, euskerearen irakaskuntzan eta euskal kultura eta sorkuntzea nazinoartean ezagutarazoteko estrategietan.
Covid-19ren kontrako segurtasun-neurriek aretoaren edukierea nabarmen mugatuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!