Mario Paniegoren 'Espacio Public(itari)o' Bilbon
2020-12-04 10:49 Kulturea2020ko abenduaren 3tik 2021eko urtarrilaren 31ra egongo da Bilboko Azkuna Zentroan.
Mario Paniego artista bisual eta kontzeptualak Espacio Public(itari)o (espacio publico /espacio publicitario) proiektua aurkeztu dau Komisario Barriak programearen esparruan, hau da, komisariotzea egiten laguntzeko eta artearen munduko profesional barriak sortzen eta finkatzen laguntzeko programan.
Erakusketa-lan honek publizidadeak gure bizitzan eta eremu publikoan izan dauen hazkundearen azterketea proponiduten dau. Artisteak azaldu dauenez, proiektu hau jorratzeko interesa sortu jatan ikustean azken urteetan Bilbon zelan ugaldu dan publizidadea espazio publikoetan eta zelan, barriz, munduko beste uri batzuetan murriztuz joan dan, herri-ekimenei eta udal-arautegiei esker.
Esangura horretan, Espacio public(itari)o proiektuak munduko uri batzuk hartzen ditu aztergai, eremu publikoan publizidade-erabilera hori murriztu dabelako eta ikusgarritasuna emon deutselako gai honen inguruan lan egiten daben nazinoarteko kolektibo eta artista batzuen jarduera artistikoari eta aktibisteari, herritarren artean hausnarketea sortzeko helburuari eutsiz: beharrezkoa al da publizidadea eremu publikoan?
Gai horren inguruan eregiten da Kulturen Atarian izango dan erakusketearen diskursoa, gero Zentrotik hainbat euskarritan zabalduko dana, abendutik aurrera.
Erakusketan ondoko artistek parte hartuko dabe: Vermibus, Laura Marte, Jason Eppink, Maider Lopez, Tony De Marco, Dobro, Irene Cuesta del Cura eta Eder Gutiérrezek.
Programa publikoari jagokonez, abenduaren 10ean, Mario Paniego komisarioagaz topaketea izango da arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara (ordu erdiro) Laborategi-gelan. Danetara, 4 txanda, 5 lagunekoak, heldu ahala eta izenik emon barik. Interesa daben personei bilerea baino lehen erakusketea bisitetea gomendatzen jake.
2021eko urtarrilaren 20an, mahai-ingurua izango da erakusketa-proposamenak jorratzen dauen gaia aztertzeko. Parte-hartzaileak: Pablo Vilá / Comunitac-eko zuzendari nagusia. Bilboko tranbian publizidadeaz arduratzen dan enpresea; Tomás del Hierro, Bilboko Udaleko espazio-publiko zuzendaria; Karmele Herranz Pascual / Gizarte eta Ingurumen Psikologian doktorea da eta TECNALIA Ikerketa eta Barrikuntzan Uri Erosotasunean ikertzaile espezialistEa. Gaur egun, bere jarduerea dimensino soziala (Psiko) txertatzeko zereginetan dabil batez be Ingurumenaren eta Iraunkortasunaren arloko proiektuetan; eta Ula Iruetagoiena. Arkitektoa eta UPV/EHUko irakaslea. Ohiko urigintzearen eredu alternatiboen bilaketan lan egiten dau.
Mario Paniego (Bilbo, 1978)
Arte Eder ikasketetan lizentziaduna da University of the West of England-en eta doktoregoko ikasketak egin zituan Euskal Herriko Unibersidadean, izan be, hor Ikasketa Aurreratuen Diplomea eskuratu eban (Gaur egungo Artearen Pentsamenduari eta Praxiari buruzko Ikasketa Aurreratuen Diplomea). Aurrerago, Diseinuaren Kudeaketako Masterra (Euskal Herriko Unibersidadea) eta Kultura Kudeaketako Masterra (Alcalá de Henaresko unibertsitatea) egin zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!