Musikasten jaio da, euskerazko musikearen entziklopedia handia

Bizkaie! 2020-12-04 09:55   Musikea

500 abeslari baino gehiago, 1.600 disko eta 12.500 abesti batzen dituan katalogoa da.

Euskerearen Nazinoarteko Egunean jaio da Musikasten (www.musikasten.eus) portala, 1960tik hasita gaur arte euskeraz abestu daben artista zein talde guztiak indexau gura dituan proiektua. Gure hizkuntzan argitaratutako diskoak, sortutako abestiak, talde eta artistak topau daitekez bertan baina ez hori bakarrik: berbak konsultetako, audioak entzuteko, bideoklipak ikusteko eta musikea erosteko aukerea be emoten dau atari entziklopedikoak.

Honezkero badagoz batuta eta zerrendatuta 500 talde eta abeslari, 1.600 disko eta 12.500 abesti baino gehiago, lehenengo batze lan horren ondoren jarri da martxan proiektua. Argitaratzen diran disko eta abesti barriakaz osotzen joango da eta informazino guztia doban izango da.

Bilatze-motorrari esker, era guztietako datuak bilatu leikez erabiltzaileek: artista baten produkzino musikal osoa, sare sozialetan dituan kontuak (Facebook, Twitter, Myspace, Instagram...), plataforma digitaletan daben presentzia (Spotify, Youtube, Deezer, Soundcloud, Bandcamp, etab.), berbarako artistearen denda digitalak (iTunes, Amazon).

Berba zehatz bat (uri baten izena, urteko hilebete bat, izen propio bat...) edo esaldi oso bat bilatu daiteke eta letran ha daben abestiak azalduko dira. Mapa osotu bat be badago webgunean, Euskal Herriko artista eta taldeak jatorrizko herrietan topetako eta abestiren bat euskeraz dauen munduko edozein talde mapan zehar azalduko da.

Musikasten ekimenaren bultzatzaileen asmoa da euskerazko musikea sustatzen eta zabaltzen laguntzea, musikeak bizi dauen momentu artistiko bikaina aprobetxau eta sare euskalduna indartuz. Esangura horretan, euskerazko talde barrien promozino-kanala izan nahi dau Musikastenek.

Viasona (www.viasona.cat) webgunea sortu zan lehenengo, katalanez egindako musika produkzinoa batzen dauen plataformea. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dau eta 100.000 abesti batuta, Kataluniako musikearen webgune erreferente eta liderra da. Geroago, 2019an sortu zan Trobasons (www.trobasons.com), okzitanierazko musikearen ataria; 15.000 abesti ditu. Orain, barriz, Tirabol Produkzinoak (www.tirabol.cat), 15 urteko ibilbidea dauen enpreseak sortu dauen azken proiektua da Musikasten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu