Patxi Zubizarretak eta Xabier Olarrak Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak irabazi ditue
2020-12-04 09:04 KultureaPlein plein plein d’animaux eta Catriona obrak izan dira itzulitakoak.
Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, Gasteizeko Udalak sustatutako ume eta gazte literaturearen arloan euskerara egindako itzulpenik onenentzako Vitoria-Gasteiz sariak emon ditue Oihaneder Euskerearen Etxean egindako ekitaldian. Aurten, sarien 17. edizinoan, Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarra itzultzaileak izan dira, Plein plein plein d’animaux eta Catriona obrakaitik.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diplomea emon deutse itzultzaile biei. Alexandra Garibalen Plein plein, plein d’animaux —Animalia asko, pila bila— liburuaren itzulpenagaitik irabazi dau saria Patxi Zubizarretak eta 9.000 euro eskuratu ditu. Jatorrizko liburuaren berezitasuna, berba-jokoak eta umorea euskerara ekarteko gaitasuna azpimarratu da. Gainera, epaimahaiak adierazo dau oso maila altuko itzulpena dala Zubizarretarena.
Xabier Olarrak, ostera, Robert Louis Svensonen Catrionaren itzulpenagaitik irabazi dau saria eta 9.000 euro eskuratu ditu. Kasu honetan, egindako lanaren kalidadea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu dabe. Epaimahaiaren eretxiz, itzulpen borobila da, euskera dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da, esan dabe.
Gorka Urtaran alkateak itzultzaileek egiten daben lana aldarrikatu dau: Zuen ahalegina eskertzen deutsuet holako lanak geurera ekarteagatik. Haizeak eroaten ditu berbak, baina idatzita dagoana betirako geratzen da. Euskerearen kasuan, biak bateragarriak eta beharrezkoak dira. Beharrezkoa da gure hizkuntzak hegan egitea, baita gure hizkuntza liburuetan finkatzea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!