Amaia Merino, Miguel Angel Llamas, Jon Gerediaga eta Elena Olavek irabazi dabe Lauaxeta Saria 2020
2020-12-02 13:30 KultureaJon Gerediagari ez jako berbarik falta naturearen indarra erakutsi behar dauenean.
XVI. edizino honetan, Lauaxeta Ikus-entzunezkoen saria, memoria historikoari buruz euskeraz sortutako dokumental formatuko ikus-entzunezko lanak saritzen dituana, Amaia Merino Unzueta eta Miguel Ángel Llamas Montoya zuzendariek jaso dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Non dago Mikel lanagatik.
Bestalde, Lauaxeta Poesia Sariei jagokenez, 35 urtetik gorakoen kategorian, Jon Gerediaga izan da saritua, Natura barriak poema liburuagaitik; 35 urtetik beherakoen kategorian, barriz, Elena Olave izan da saritua, Zeldak-Gorputz honetatik poema-bildumeagaitik.
BFAko Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta kirol foru diputaduak 2020ko Lauaxeta Sariak emon ditue Foru Jauregian egindako ekitaldian.
Non dago Mikel
Epaimahaiak adierazo dauenez: 'Non dago Mikel' dokumentalak hausnarketarako begirada bat eskaintzen dau. Orain 35 urteko jazoerak eta testigantzak berreskuratu eta gordin azalduta, ezagutzeko eta ez ahazteko proposizinoa egiten deusku. Urteotan guztiotan bizi izandakoak be gogoerara ekarten ditu, belaunaldi ezbardinen sufrimendua ezkutatu barik eta iragana etorkizunari lotuta, egia, justizia eta oroimenaren garrantzia aldarrikatzeko.
Natura berriak
Epaimahaiaren eretxiz: Jon Gerediagaren (Bilbo 1975) 'Natura barriak' poema liburuak hiru doe nagusi ageri ditu. Plastikotasuna, lehenik. Haren berbakera poetikoak loturea egin dau natura gai lez erabili izan dauen euskal poesiaren tradizinoagaz. Haren adierazpideak Xabier Lizardi edo Bitoriano Gandiaga ekarri ditu gogora, baina ez dira falta Europako literaturatik ekarritako aitamenak eta bideak. Naturako elementuak zorroztasunez azaltzen ditu testu laburretan, baina ez jako berbarik falta naturearen indarra erakutsi behar dauenean.
Berbakera sinboliko ulergarrian eratu dau ibilbidea Jon Gerediagak. Naturearen ziklo eten bakoak subjektuaren muinean errotzeko aukerea emon deutso. Kohesino nagusia dau liburuak, denporearen joan-etorria esaldi bikainez osotuz. Zehaztasunetik kosmologiarako bidea da berea. Poemen lehen aitamenak zehatzak dira, bedarra, gereziak, zuhaitzak, baina oihartzunei eta soinuei adi dan subjektu poetiko osotuak beste zeozer bilakatzen ditu, apaltasunez eta zorroztasunez, txikitasuna sinbolo nagusi bihurtuz, naturearen eten bako barritasunaren adierazpide.
Zeldak-Gorputz honetatik
Epaimahaiaren eretxiz: Elena Olaveren (Durango 1997) liburuaren izenburu osoa Zeldak-Gorputz honetatik- da, ze nitasun baten egoera estua dakar tituluak.
Abiapuntu garbia hartu dau poeteak, norberaren gorputzea hizkuntza poetiko latza osotzeko bere lehen poema liburu horretan. Munduak sortu deutsozan deserosotasunak dira liburuaren ibilbidearen oinarri eta liburuko ataletan poeta gazteak bilaketea egin dau errealidadeak jarten deutsozan mugen kontra, betibe gorputza jarriz subjektibotasun topetako egindako bidean. Artearen Historian lizentziaduna danez, ez dira falta artearen ekarpenak eta errealidadea islatzeko hizkuntzak dituan mugei buruzko hausnarketak, dudaz eta sentimenduen ikuskizunez. Bilakaera horretan beste idazleei egindako aitamenek zeresan handia dabe, lagungarri baitira norberaren izakeraz egindako bidaia honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!