Euskerazko 28 liburu barri eroango ditu aurten UPV/EHUk Durangora

Bizkaie! 2020-12-02 12:10   Kulturea

Azokearen online dendan eskuragarri egongo dira. 

Euskal Herriko Unibersidadea, euskerea sustatzeko dauan konpromisoari eutsiz, Durangoko Azokan izango da aurten be, euskal kulturearen erakustoki garrantzitsuenean. Aurtengo edizino bereziak ez dau salmenta lekutik izango liburuak eta diskoak aurrez aurre ikusi, ukutu eta gainbegiratzeko, baina online dendan izango dira horreek guztiak. Esangura horretan, UPV/EHUk azken urtean euskeraz argitaratutako 28 titulu barri eroango ditu abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den 55. edizino berezi honetara.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzearen arlo guztietako euskerazko liburuak aurkeztuko ditu Azokan. Aurreko urteakaz konparauta UPV/EHUk titulu gitxiago bialdu ditu, azokearen aurtengo formatu berezira moldatzeko ahalegina eginda. Ikasleentzat eta unibersidadetik kanpoko jentearentzat erakargarriak diran erreferentziako lanek, ikerketek, ikasliburu teknikoek eta dibulgazinokoek osotzen dabe aurtengo uztea.

Beste batzuen artean, honako honeek aurkeztuko dira: Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936). Hainbat egile. Liburu honek Bilboko historian sartzen gaitu, garapenean lagundu eben emakumeen bitartez. Lehenengo zatian politikaz, lanaz eta hezkuntzaz egindako azterlanak batzen dira, testuinguruan jarteko emakumearen egoerea Bilbon aro garaikidean. Bigarrenean, uribilduaren barruan eta kanpoan protagonismoa hartu eben abangoardiako hamar emakumeren biografiaren barri ematen da: Bizenta Mogel (idazlea), Casilda Iturrizar (enpresaburua), Juana Whitney (irakaslea eta ekintzailea), Adelina Méndez (irakaslea), Benita Asas (irakaslea eta mobimentu feministearen aitzindaria), Virginia González Polo (sindikalista eta politikoa), Marcelina Elexgaray (kozinerua eta ekintzailea), Sorne Unzueta (idazlea), Ticiana Iturri (Bilboko lehendabiziko emakume medikua) eta Haydée Agirre (propagandista politikoa).

Kirmen Uribe: Bizitza, fikzinoa. Mari Jose Olaziregi Alustiza, Amaia Elizalde Estenaga (arg.). Kirmen Uriberen obra literarioari buruzko ikerlanez osotutako liburua da, helburu dauena euskal idazle honen literatureak eragindako hausnarketak eta analisiak batzea, bai eta literatur genero desbardinetako lanak iruzkintzea be. Kaleidoskopio baten antzera, ondarrutarraren uniberso literarioaren arpegi eta ertz ugari jaso dira liburuan, haren obrak iradokitzen dituan kolore, egitura edo errealidade aberatsak. Uribek berak liburu honetako lehen atalean dinoan bezela, irakurle barik ez dago libururik eta kritika barik liburua hegoak moztuak dituan hegaztia da.

Egungo euskal literatura eta futbola (Euskal Literatura saila, 21). Mari Mar Bollos/ Jon Kortazar (arg).

Larousse argitaletxeagaz koedizinoan, Oinarrizko hiztegia latina-euskara argitaratu da, orain arteko latina-euskara hiztegi osoena: 19.000 sarrera ditu. Erabilera-adibide ugari, itzulpen eredugarriak tarteko dituala.

Beatriz Fernándezen Le basque pour les francophones liburua argitaratu da, Euskera para castellano-hablantes liburuaren moldaketea. Robespierreren lan hautatuak. Jatorriz frantsesez idatzitako lanen itzulpena da hau, pentsalariaren berbaldi adierazgarrienen bildumea. Auguste Vermorel-ek (1841-1871) atondu eban jatorrizko edizinoa eta Parisen argitaratu eben 1866an.

Euskal literatura itzuliaren egiturak eta islak 1975-2015, Miren Ibarluzea Santistebanek idatzia eta Euskaltzaindiagaz koedizinoan argitaratua. Euskal literatura itzuliaren bilakaerearen historiaren bersino baten kronikea eskaintzen dau.

Omenaldien atalean, honako izenburuak argitaratu dira: Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena. Koldo Zuazori gorazarre eta Hitzak sarean. Pello Salabururi esker onez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu