55. Durangoko Azokea ez-ohikoa izango da

Bizkaie! 2020-12-04 08:00   Kulturea

Ez da egongo erakusmahairik eta produktu guztiak (2.319 produktu), denda birtualean erosi ahal izango dira hemen.



Ez-ohikoa izango da aurtengo Durangoko Azokea. Barritasun ugari izango ditu kulturearen plazeak, osasun-egoereak baldintzatuta. Aldaketa nagusia erakusmahaiakaz lotuta egongo da: aurten ez da salmenta lekurik egongo Landako Gunean eta horren ordez, Durangoko Azokako webgunean denda birtuala sortu dabe lehenengoz azokearen historian eta interesa dabenek bertan erosi ahal izango ditue produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra. Landakon egoten diran liburu, disko, ikus-entzunezko eta gainontzeko sormen-lanak eskuragarri egongo dira Azokako webgunean: horixe izango da Azokako salerosketa gune bakarra aurten.

Egitarauak be aldaketa nabarmena izango dau: Azokeak espazio bi izango ditu bost egun horreetan (Landako Gunea eta Plateruena) eta bertan diziplina ezbardinetako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: kontzertuak, barriketak, proiekzinoak... Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserbea egin beharko da.Durangoko Azokako egitaraua streaming bidez eta bertatik bertara jarraitu ahal izango da, aforo mugatuagaz. Espazio bi egongo dira: Landako Gunea eta Plateruena.


Egitaraua: Abenduaren 5etik 8ra:

- Durangoko Azoka 2020: abenduak 4

- Durangoko Azoka 2020: abenduak 5

- Durangoko Azoka 2020: abenduak 6

- Durangoko Azoka 2020: abenduak 7

- Durangoko Azoka 2020: abenduak 8


Zu non, han DA!, zortzi herritan

Durangoko Azoka Euskal Herrira zabalduko da. Programazinoa eta sarrerak hemen.

Durangoko Azokeak erabaki dau Zu non, han DA! proiektu barri hau antolatzea, online dendea eta Durangon bertan egongo diran jarduerez gan. Ekimen honen helburua Azokea kulturzaleei hurreratzea da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dabelako Durangora urteroko bisitea egin.

Egitasmoak ardatz nagusi bi izango ditu: Plazea eta Dendea. Lehenengoa, musika eta zuzenekoakaz lotuta egongo da. Durangoko Azokeak kontzertuak atonduko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik atontzeko, osasun-egoereak ezarritako arauen eraginez.

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra izango dira eta herri bakotxean egun biko egitaraua egongo da. Danetara, 32 taldek parte hartuko dabe: batzuk ibilbide luzeko bandak izango dira eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa plazaratu dabenak. Estilo aldetik be, aniztasun handia egongo da banden artean: Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak, Joseba Irazoki...

Kontzertuetako sarrerak zemendiaren 21etik aurrera eskuratu ahal izango dira. Sarreren prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da.

Bigarren ardatza, Durangoko Azoka amaitzerakoan helduko da, hau da, abenduaren 9tik aurrera, urtarrilaren 8ra arte. Zu non, han DA! ekimen honen barruan, Euskal Herriko hainbat liburudendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. Azokako online dendea abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokearen eragina gabonetan be igarri daiten be zabaldu gura dogu eta liburudendetan emongo deutsagu jarraipena online dendeari. Izena emoteko epea edegita dago liburudendentzat webgunean.

Horrezaz gan, Azokeak Durangoko egitarauari eutsiko deutso, abenduaren 4tik 8ra. Landako gunean eta Plateruenan hamaika jarduera egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, ikuskizunak, umeentzako jarduerak, proiekzioak...


Ikastetxeek eskaintza zabala izango dabe Ikasle Goizean, modu birtualean

Ikasle Goizak emongo deutso hasieea Durangoko Azokako egitarauari. Abenduaren 4ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza zabala izango dabe orrialde honetan. Ikasleek euren ikastetxeetatik gozetako aukerea izango dabe. Tailerretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emotea, egunean bertan edo aurreko egunetan webgunera sartzeagaz nahikoa izango da. Maila ezbardinetako ikasleentzat egongo da eskaintza, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen be.

Txikienek, berbarako, Yogipuinak izeneko saioa izango dabe eskura, Maite Arrese, Sara Arizmendi eta Oihan Arizmendiren eskutik. Bertan, yogea zer dan ikasi, gorputza landu eta burua eta bihotza lasaituko ditue. Ikus-entzunezko saio honetan hainbat ariketa egingo dira: arnasketak, pentsakera baikorra, asanak, erlajazioa, amaierako ipuina... Saioa Maite Arresek gidatuko dau eta egokia izango da 5 eta 8 urte arteko umeentzat. Gela huts bat izatea nahikoa izango da saioa jarraitzeko.

8 eta 12 urteko umeek Marrazkiekin olgetan tailerrean gozau ahal izango dabe Ainara Azpiazuren eskutik. Ariketa ugari landuko ditue: geometria landuz animaliak marraztea, berbak nahastauta istorio bat osotzea, mantxakaz irudiak asmetzea... Saioa jarraitzeko beharrezkoa izango da honakoak izatea: papelak, arkatzak, borragomak, koloreetako margoak... eta olgetako gogoa!

Aurreko urteetan legez, baina oraingoan modu birtualean, EEE Euskal Editoreen Alkarteak Liburu bat egingo dot jarduerea atondu dau, 12 eta 13 urte dituenentzat: Ana Urrestarazu (EEE) eta Karmen Elvira (Pamiela) izango dira gidariak, eta modu dibertigarrian ikasleek ezagutuko dabe zein dan liburu bat sortzeko prozesua.

Bikoizketa tailerra be dibertigarria izango da 13 eta 14 urteko ikasleentzat: Mixer taldeko Yeray Varelak azalduko dau zeintzuk diran kontuan hartu beharrekoak bikoizketa lanak egiterako orduan, eta hainbat adibide praktiko egingo ditu, telebistan agertzen diran saioakaz.

DBHko ikasleek tailer berezia izango dabe eskura: Janire Iparragirre garatzaile gazteak Blender aplikazinoaren sekretuak kontauko ditu: bideo sorkuntzea, 3D diseinuak, arkitekturea... Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Blender aplikazinoa deskargauta izatea.

Tailerrez gan, Ikasle Goizak beste ekimen berezi bat izango dau: Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezbardinakaz alkarrizketa-saioa gidatuko dabe. Tartea webgunean jarraitu ahalko da zuzenean eta bertan honakoek parte hartuko dabe: Liher musika talde donostiarra, Kai Nakai abeslaria (igaz Azokako sormen bekea irabazi eban sortzailea), Erika Elizari idazle hernariarra eta Aitor Arana idazle eta hizkuntzalaria.

Ikasle Goizean parte hartzen daben guztiek euren sorkuntzak sarera igoteko aukerea izango dabe, #IkasleGoizaDA traolea erabilita eta Durangoko Azokak euren sormen-lanak zabalduko ditu.


Inaugurazinoa

Inaugurazino ekitaldia abenduaren 4ko arratsaldean izango da, 18:00etan. Azokako kide eta erakundeetako ordezkariez gan, hainbat sortzailek parte hartuko dabe: Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe (New Yorketik) eta Bagara jantza talde durangarrak.

Lehenengo egunari amaierea emoteko, Kai Nakaik aurkezpen-kontzertua egingo dau Plateruenan, 19:30etik aurrera. Igazko Durangoko Azokako sormen bekearen irabazleak reggatoi doinuez jositako Baimenik gabe disko barria aurkeztuko dau.

Aurtengo Sormen Bekearen irabazlea, ikus-entzunezkoekin lotuta, abenduaren 6an iragarriko da.

Azokako azken egunean, abenduaren 8an, Taupadaz taupada ikuskizun berezia izango da Landako gunean, 12:00etan. Bertako parte-hartzaileak Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi Mursego izango dira, eta edizino honetako leloaren inguruko hausnarketea plazaratuko deuskue.

Azken buruan, 55. Durangoko Azokearen behin betiko balorazinoa abenduaren 9an egingo dabe jentaurrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu