'Ederriko. Kontau behar dot' Karmelo Uriarteren liburu barria
2020-12-02 08:49 KultureaPersonen esentzia ez da hainbeste aldatzen belaunaldirik belaunaldira.
Karmelo Uriarte zeanuriztarraren liburu barria dakargu, Ederriko. Kontau behar dot izenekoa. Ederriko aititak berari jaiobarritan emondako izena da, ederraren ederrez. Kontau behar dot azpitituluak idazlearen kontau beharra adierazoten dau, haren bizitzako hainbat pasarte idatziz ipinteko beharrizana.
Kontakizunok ahoz askotan esanda daukaz Karmelok, familian, lagunartean... Baina idatziz ipinteko akuilua Xabier Amuriza izan dau, haren ekinaren ekinez orduko berba eta esamoldeak liburura eroan ditu. Eta animau bakarrik ez, lagundu be bai, zer sartu, zer ez, zelan adierazo, hari narratibo bat emoten lagundu deutso.
Liburu hau Karmeloren bizitearen barri emoten dauen kontakizuna da, baita mikrohistoria hori gure herriaren historia osotzeko zati garrantzitsua be, danon artean egituratzen dogulako gizartea.
Irakurle asko identifikauko dira pasarte bategaz edo beste bategaz, gaiaren, sasoiaren eta bizi-esperientziaren arabera. Baina egileak dinoanez, personen esentzia ez da hainbeste aldatzen belaunaldirik belaunaldi.
Beobideko baserriko bizimodutik hasita, Arrasaten ikasle, Batz kooperatiban behargin, mendizale, bertsozale, euskaltzale... Familia, lagunak, lankideak, astialdia eta beharra, bertsolariak, koruko kideak, herri-antzezpenak, jaiak... horreek guztiak eta gehiago irakurriko ditugu, modu erraz, hunkigarri eta gozoan kontauta.
Testuak hainbat erretratu daukaz esandakoaren osogarri. Horrek beste prestantzia bat emoten deutso liburuari, informazino gehigarriagaz batera.
Aurkezpenean egileak errematetzat egindako bertsoa dakargu hona.
Ederriko. Kontau behar dot, Karmelo Uriarte Uriarte (Adolfo Arejita)
Gaur aurkezten dogun liburuaren barri Xabier Amurizaren bidez izan neban igazko udagoienean. Karmelo Uriartek bere liburua artean eginda eukan, hurrean. Hitzordua berbatu genduan Xabierrek eta biok. Garandu eustazan liburuaren zertzeladak. Karmelo Uriarteren ezagupidea eta entzutea, neukantxua, Bizkaiko Bertsolari Txapelketetatik neukan. Buru-belarri ibilia zan urte batzuk lehenago bertso-txapelketon eratze-arduretan.
Biografia ei zan liburuaren mamina, bere eta hurreko munduaren biografia. 'Hau gustauko jak' bota eustan Xabierrek. Inprimidu neban, testua, eta irakurri be bai, tarteka, astiro eta arduraz egin be. Eta gustau jatan. Hortixik mahaigaineratu neutsan Labayru Fundazinoaren zuzendaritzataldeari obra hau argitaratzea eta horren egokitasuna.
Lehendik be biografia generoko euskal liburuak, osorik edo erdizkako biografiak, atera izan ditu Labayruk. Euskal literatura modernoaren alderdi baliotsutzat jota euki dogu Labayrun biografia generoa. Eta argitara ditugunen artean Anjel Ugartebururen Milloitik mundura (2008), esango neuke izan dala aurretikorik antzekoena. Sutondoan bilduman argitaratu zan harako ha. Artean ez geunkan geroago sortu izan dogun Biografiak liburu bilduma, oraingo hau atera doguna.
Biografiak euskeraz ontzen edo idaztera bultzatzen, Antonio Zavala, Auspoa bildumearen sortzaile eta eragilea izan dogu maisu euskal literatura modernoan, bertsolari, bertsozale eta herri-bizimoduaren lekuko bardinbakoak idazle bihurturik. Ahozkotasunetik hurreko literatura genero lez berezitu izan da genero hau, berariaz euskerazkoetan.
Karmelo Uriarte jaunak be 'Kontau behar dot', azpititulutzat ezarri deutsan esaldi horren bidez, barrutik borborka eukan deiari erantzun nahi izan deutsala deritxat. Bera testigu izan dauen bizimoduaren, eta aurretikoetatik hiru belaunalditan ezagutu izan dauenaren bizimoduaren, joan doan eta atzera barriro bardina izango ez dan bizimoduaren kontau beharrari emoia libratzeko, ezin eutsi izan deutso.
Berebiziko testigua, buru onekoa eta errota onekoa dala erakutsi dau liburu honetan Karmelok. Eta zer kontetan dauen zelan kontau be maisuro erakutsi dau: arintasunez eta gozotasunez, kontakizun bakotxari neurria hartuz. Sekulako jasa erakutsi dau idazte-jardun horretan, artean euskeraz idazle moduan ezaguna ez genduan Arratiko seme honek. Euskeraz kontetan dan hori bizimoduari guztiz lotua danean, esangura betea hartzen dau, bai kontetan dan horrek, eta bai kontetako moduak be, hizkuntza erabilteko taiuak be; euskereak, gure kasuan. Bene-benetakoak dira, sinesgarriak eta fede emotekoak, bai edukia, eta bai hizkerearen oskola.
Barazargo errepide barria urratu zanean haranaren ezkerreko partetik aldrapan gora, eskumako alderdia gitxiendurik geratu zan zati handi baten. Ipiña eta Ipiñaburu ditugu gaur be horko erreferentzia ezagunenak. Beobide, behorren bide zaharretik izena hartu dauen auzunetxua, eta Aranguren, haran estuaren goienean dagoala iragarten dauen auzunetxoa, bai etxeak, bai eurotan denpora luzez bizi izan diran biztanleak, ahanzturaren lausopean geundu jakuz. Ederriko-ren lekukotza bikainari esker, hurrengo belaunaldiek era atsegin eta segurua eukiko dabe, Zeanuri goieneko gizarte hori zelakoa izan dan hurretik ezagutzeko.
Lehena zer izan dan ikasi ez dauenak, esan ohi dan lez, gatx dauka geroa ondo aparetan. Biografia liburu hau lagungarri alagalakoa izango dabe osteko belauandiek ibilbide horretan.
Egileari bigarren meritu handi bat be zor jako. Argazki bidez osotu dau bere historia kontatua. Dokumentazino eskergea. Argazki ondo identifikatuen bidez: noiz, nortzuk eta non zehazten dala bakotxaren oinean. Testu barruan zein bere lekuan erantsita.
Labayru Fundazioak, liburu hau bere buruz argitaratzean, bere orain arteko ibilbidea on egiten dau: euskal hizkuntza, literatura, herri-jakintza lako lan-ildoak landu eta bultzatu.
Ondo etorria, beraz, Karmelo Uriarte, gure Biografiak bildumara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!