Eduardo Arroyoren grabaduak Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2020-12-02 08:41   Kulturea

Artistearen obra grafikoaren katalogazinoa dakarren argitalpena be aurkeztu dabe.

Papel Arte eta Grabaduaren Nazinoarteko FIG Azokearen eta Bilboko Arte Eder Museoaren arteko lankidetzea barritu dabe, 2012tik urtero egiten daben legez. Oraingo honetan, bien arteko alkarlanaren emoitzea Eduardo Arroyo artista espainiarraren grabaduen errepasoa egiten dauen erakusketea da. Arroyok berak museoari dohaintzan emondako ehun bat lan batu ditue, eta martiaren 7ra arte ikusi ahal izango dira 32. eta 33. aretoetan. 

Margolari ezaguna izan zan Eduardo Arroyo (Madril, 1937-2018), figurazino kritikoaren ordezkari nagusietako bat. Horrezaz gan, literaturea, eszenografia, eskulturea, ilustrazinoa, diseinua eta grabaduak be landu zituan. Azken alor horri begiratzen deutso Arte Eder Museoko erakusketa barriak. 1960an hasi zan grabaduak egiten, eta, urteen joanean, papel ganeko obren corpus zabala sortu eban, estanpazino teknika ugaritan: litografia, akuafortea, puntu lehorra, xilografia eta abar. 

Bilboko Arte Eder Museoaren eta Eduardo Arroyoren arteko loturea aspaldikoa da. 1989an Valentziako IVAM institutuak artistearen obrea katalogetako asmoz hasitako prozesuaren lekukoa hartu eban Bilboko museoak 1996an, liburuki bi argitaratuta. 2017an Arroyoren artelanen inguruko azken erakusketa antologikoa antolatu eban. Urte haretan, papelezko hamar grabadu eta eskultura bi emon eutsazan artisteak museoari dohaintzan. Hurrengo urtean, beste ehun grabadu inguruko dohaintzea egin eutsan. 

Museoari emondako obretan, erakusketa barrian ikusi leitekenez, gizon-emakumeen erretratuak dira oinarriak, ez beti errealak, eta Arroyoren ikuspegi kultu, original eta kosmopolitea agirian ixten dabe. Pertsonaia anonimoak zein kultura herrikoiko figurak dira oinarriak, Laciana haraneko erreferentzia poetikoak ahaztu barik. Artearen historiako sortzaile handiek eta XX. mendeko egoera politiko eta kulturalek eragin handia izan eben Arroyoren obran. 

Erakusketeagaz batera, Eduardo Arroyoren obra grafikoaren katalogazinoa biribiltzen dauen argitalpena aurkeztu dabe. 1996tik hil arte egindako 106 estanpa eta horren aurreko beste 15 sartu ditue, hau da, orain arteko katalogoetan agertzen ez ziran guztiak. Hortaz, artistearen 530 grabaduak batu, ikertu eta katalogetako proiektua amaitutzat jo dabe. 

Fabienne di Rocco izan da argitalpen barriaren zuzendari zientifikoa. Arroyoren laguntzaile izan zan, eta hurre-hurretik ezagutzen dau haren obrea. FIG jaialdiaren babesari esker argitaratu ahal izan da liburua. Abenduaren 18tik Arte Eder Museoaren Youtube kanalean ikusi ahal izango da di Roccok gai honen inguruan emongo dauen berbaldi bat. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu