Zemendiaren 30era bitartean 279.476 bisitari jaso ditu Museoak
2020-12-02 08:20 Kulturea2021ean, XIX - XX. mende arteko euskal artisten margolanen erakusketa bat ikusiko dogu Bilbon.
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatua batzartu da Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zala eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputadua; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia, Alkatearen ordez; Fundazinoaren gobernu-organo gorena osotzen daben enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk modu telematikoan); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte.
Bilerearen hasieran, mundu mailan biziten gagozan egoera larria izan dau berbagai Museoaren Zuzendariak: lehenengo alarma-egoerea, etxealdia eta Museoa zarratzeko agindua; bagilaren 1ean ateak barriro edegi eta uda-sasoian izandako susperralditxua; eta pandemiaren bigarren oldarraldia eta beste alarma-egoera bat, ekarri dituana mobikortasun-muga barriak, edukiera-murrizketak eta herritarren osasuna babesteko bestelako neurriak. Kontu horreek guztiek oso eragin nabarmena izan dabe turismo eta kultura-arloetan eta ondorioz, sektore horreen itxaropenak nabarmen murriztu dira azken hilebeteotan.
Osasun-egoerearen bilakaereak zeresan handia izan dau jarduerearen balantzean: Zemendiaren 30era bitartean 279.476 bisitari jaso ditu Museoak, 2019ko epealdi berean baino % 26 gitxiago. Beraz, esan daiteke kopuru positiboa dala garagarrilean eta abuztuan bertaratutako bisitari-kopuruari esker eta aintzat hartuta oraingoz orain bisitariak Bilboko udal-mugartean bizi diran personak baino ezin izan daitekezaka.
Bestalde, Community sarea eten barik hazi da eta 66.148 kide dira orain, hau da, ia % 15eko hazkundea izan dau 2020ko urtarrilaren 1etik. Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak eta, besteak beste, ERDU programearen onuradunak batzen dituan artearen eta kulturearen inguruko komunidadea da Community.
Batzarrean, 2021erako aurrekontua onartu dute: Kontuan izan da pandemiaren ondoriozko egoerea eta gogoan hartu da, urteak aurrera egin ahala krisi horrek munduko ekonomian (kulturearen eta turismoaren arloetan) izango dauen eraginak hobera egingo dauela. Gauzak holan dirala, Museoaren aurrekontua 23.936.932 eurokoa izango da, hau da, 2020koa baino % 20,2 txikiagoa. Aitatutako egoerearen ondorioz, bisitariek sortutako diru-sarreren epigrafeetako kopuruak murriztu egin dira, baina gastu-partidak be nabarmen murriztu dira funtsezko funtzionamendu-parametroak zehatz-mehatz aztertu ondoren Museoak abian jarritako neurriei esker.
Era berean, 2021erako programazino artistikoa be onartu dabe batzarrean: Datorren urtean ikusgai izango dira, besteak beste, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal artisten margolanen erakusketa bat, 1920ko hamarkadako urte zoroetako planteamendu artistikoen inguruko erakustaldi bat, emakume artistek abstrakzinoari egindako ekarpena jasoten dauen beste bat eta Alice Neel margolariaren erretratu adierazkorren multzo bat. Horreez gan, Museoaren Bildumako funtsetako zenbait pieza azalduko dira jentaurrean, danak be ezohiko materialak eta teknikak erabilita eginak eta, Film & Video aretoan, Alex Reynolds, Cecilia Bengolea eta Sharon Lockhart artisten bideo-instalazinoak erakutsiko dira.
Azkenik, 2021-2023 epealdirako Plan Estrategikoa onartu dabe: Baikortasun errealistaz egingo deutso buru Museoak aurrean topauko dauen egoera larriari, baita arte modernoaren eta garaikidearen zein horreen baloreen bidez bihotzak altzatzea helburu dauen bokazino proaktiboz be. Horrek norabideari eusten lagunduko deutso, jakinda, beti be, entzute aktiboa, interes-taldeakaz hartu-emon estuak eta jazoeren bilakaerara egokitu ahal izateko malgutasun handia eskatuko dabela hurrengo urteek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!