'Ventana Sur', euskal ikus-entzunezkoek bizi daben momentu bikainaren beste adierazle bat

Bizkaie! 2020-11-30 12:06   Zinemea

Ventana Sur Jaialdia, aurten online egingo da zemendiaren 30etik abenduaren 4ra.

Bigarren urtez jarraian, euskal zinemeak presentzia handia izango dau Ventana Sur Jaialdian. Aurten, salbuespen legez, online egingo da zemendiaren 30etik abenduaren 4ra. Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu handiena da, nazinoarteko banatzaile eta erosleentzako derrigorrezko hitzordua.

Aukeraketa aitagarrienen artean, Alberto Vázquez zuzendariaren Unircorn Wars dago, Uniko Filmseko Iván Miñambresek produzidutakoa, Abano Producións, Autour de Minuiteta Schmuby Productionsegaz batera. Annecyko Animazino Jaialdiak Vázquezen filma aukeratu eban Animation! WIP-en egoteko eta atal honetan parte hartzen dauen Europako lehen proiektua izango da. Filman peluxezko hartzatxuak eta adarbakarrak baso berean bizi dira. Hartzatxuen kondaira baten arabera, adarbakarrek deabrua irudikatzen dabe eta akabau egin behar dira. Profeziak dino azken adarbakarraren odola hartzen dauen hartzatxua izaki eder bihurtuko dala.

Irati filmak, Paul Urkijoren proiektu barria, New Spanish Bloody Cinema Showcase atalean parte hartuko dau. Sail hori ICAA-k atondu dau, Sitgeseko Jaialdiagaz, Fantastic 7-egaz eta Ventana Sur-eko Blood Window-egaz batera. Haren bigarren film luzean, Errementari pelikula arrakastatsuaren zuzendariak euskal mitologian sartuko gaitu eta Erdi Aroan girotutako istorioa aurkeztuko dau. VIII. mendean, kristau eta musulman gerlari talde bat Pirinio paganoko baso sakonetan sartzen da, Carlomagnok Orreagako batailan galdutako altxorra berreskuratzeko asmoz. Irati izeneko emakume gazte misteriotsu bat gidari dabela, izaki mitologikoz betetako munduan sartuko dira gudariak. Ivan Miñambresburu dauen Unicorn Wars-en lantaldeak eta Urquijok berak euren proiektuen aurkezpenak jarriko ditue industriako akreditatuen eskura.

Myriam Ballesteros zuzendari arabarra be hautatu dabe Ventana Sur Jaialdian parte hartzeko, New Spain Animation! Showcase sailean, Monto TV Iberoamerikak eta MB Producciones taldeak produzidutako Masked Cinderella’lanagaz. Telesail honek errauskineren bersino barri bat erakusten deusku. Pazientzia mugara heltzen danean eta arrebaordeek, ipuinetako gaizkile ahaltsuek edo injustiziak muga hori zeharkatzen dabenean, Cenicienta Enmascarada heroi bihurtzen da. Ipuinen mundua salbetako kapaz da bere adoreagaz eta irudimenagaz.


Euskal proiekzinoak

Market Screenings atalaren barruan, bost euskal ikus-entzunezko lan ikusteko aukerea izango da: Juanma Bajo Ulloaren Baby filmak, Fragil Producciones enpreseak produzidutakoa eta Latido Filmsek nazinoartean banatua, semea berreskuratzen saiatzen dan drogazale gazte baten istorioa kontetan dau. Protagonisteak semea krisiagatik saldu eban. Arena Comunicación-eko Jaime Murciego Cholitas filmagaz joango da, Boliviako emakume indigenek Aconcaguara egindako espedizinoa kontetan dauen filma; Lara Izagirrek, barriz, Nora aurkeztuko dau, Gariza Filmsek produzidutakoa eta Filmaxek nazinoartean banatua. Herritik ia urten ez dauen hogeita hamar urteko neska gazte baten istorioa dakar. Aitita hilten danean, Euskal Herriko kostaldean zehar bidaiatzea erabagi dau, errautsak amumagaz eroateko.

Bestalde, David Pérez Sañudo Ventana Sur-era joango da Ane filmagaz. Nazinoartean Latido Films-ek banatzen dauen Amania Films-en pelikuleak desagertutako amaren eta alabearen arteko mugak eta komunikazinoa jorratzen ditu. Euskal partaidetzea dauen telesail batek be protagonismoa izango dau jaialdian, izan be, Olmo Figueredok (Irusoin) El Estado contra Pablo Ibar lana aurkeztuko dau, Miamin hilketa hirukotx bat dala eta Ibarri egindako epaiketearen zehetasunak erakusten dituan lana.

Gainera, Basque Audiovisual programeak gune birtual bat izango dau Cinema from Spain stand-ean, Colourful Diversity atalean. Plataformearen bidez, gure lana ezagutu gura daben sektoreko profesionalek hitzordua eskatu ahal izango dabe akreditautako euskal zinemagileakaz. Era bereasn, proiektu garrantzitsuenak ezagutu eta etorkizuneko koprodukzinoetarako informazino erabilgarria jaso ahal izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu