I. VillaSoundBilbao: upealako harrerea

Bizkaie! 2020-11-27 11:03   Musikea

Bilboko Udalak antolaturiko jaialdiaren lehen edizinoan ehun izen-emote baino gehiago egon dira.

Guztira, 16 eta 30 urte bitarteko Euskadiko eta Nafarroako 106 talde eta bakarlarik eman dau izena. Festibalaren helburua da artista gazteen sorkuntzak bultzatu eta sustatzea da, musika-alorreko egungo proposamenak jentaurrean eskaintzeaz gan.

Inskrizpino danatatik 70 Bizkaitik datoz (guztien % 66), Gipuzkoatik 18 ( % 17), Nafarroatik 11 ( % 10) eta Arabatik 7 ( % 7). Taldeak osotzen dituen 351 personetatik % 11,68 emakumeak dira (41); horreetatik 6 emakumez bakarrik osotutako taldeetan dagoz, eta 29 talde mistoetan. Kideen batez besteko adina 25'38 urtekoa da. Gaztelania da hizkuntza nagusia (% 43); atzetik, euskerea eta ingelesa ia-ia bardinduta dagoz (% 27 eta % 30, hurranez hurran).

VillaSoundBilbao jaialdiaren garapena

2021eko jorrailean, VillaSoundBilbao jaialdiaren barruan, 4 kontzertu egingo dira Bilborock-en. Horretarako, epaimahai profesional batek izena emon daben 106 talde edo bakarlarien artean 12 aukeratuko ditu. Urtarrilaren lehenengo hamabostaldian jakinarazoko ditue aukeratutako taldeak. Kontzertu bakotxean aukeratutako 3 talde eta talde konbidau bat arituko dira. Kontzertuak dobakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte.

Bilborock-en kontzertuen ondoren, 6 talde VSB Mentoring prestakuntza-programa baten parte hartzeko aukeratuko ditue. Laguntzino-programa hori 2021eko maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharretara egokituko da. Programa horren helburua bandak bultzatzea da, euren jarduera profesionalizau ahal izateko tresnak eta aholkularitza espezializadua emonaz.

Profesionalek emongo dabe prestakuntza hori, eta hainbat gai jorratuko ditue: sare sozialetan edukinak produzidutea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazinoa hobetzea eta zuzenekoen optimizazinoa, jaubetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, kontzertu-birak eta enpresa sustatzaileakanako erlazinoak.

2021eko maiatzean, VillaSoundBilbao jaialdiaren baitan, hamaikatxu kontzertu programauko dira, uriko hainbat gunetan. Gazteen musika-panoramean gora egiten ari diran 10 taldek euren sorkuntzak erakutsiko ditue, emakumeen presentzia daukien talde gazteen protagonismo sendoagaz eta askotariko musika-estiloakaz. Musika-sektoreko profesional-talde batek aukeratuko ditu taldeak; profesionalen taldeak programa bat osotuko dau, une horretan nabarmentzen ari diran proposamen musikal desbardin eta heterogeneoak nahiz sortzen ari diranak bateratuko dituenak, eta Bilboko publikoarentzat erakargarria izango dana.

Programa VSB Tour dalakoagaz amaituko da, 2021ean. VSB Mentoring prestakuntza- eta laguntzino-aldiaren ondoren, parte hartuko daben sei taldeetako bat Espainiako uri batzutan joteko aukeratua izango da. Lau kontzertuko birea izango da, 2021eko azken hiruhilekoan egingo dana. Helburuak banden proiekzinoa bultzatzea, beste leku batzutako banda gazteakaz sinergiak sortzea eta personen talentua Bilbotik kanpo barreiatzea dira.

Jaialdiaren barruan, ganera, VSB Talk jardunaldi edegiak eta dobakoak egingo dira, Bilborock-en. Horreetan, profesionalek musikearen sektorean gazteentzat interesgarriak eta inportanteak diran gaiak jorratuko ditue. Musikearen etorkizuna: zuzenekoaren eta sarearen artean izenburupean, honako gai honeek jorratuko dira: zuzendarien esangurea, negozio musikala, zuzenekoaren esperientzia streaming bidezko kontzertuakaz ordezkatzeko aukerea eta sektoreak dituan erronkak. 2021ean garatuko dira danak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu