Bilboko Udala hondakin organikoak batzeagaz bat

Bizkaie! 2020-11-27 10:37   Pil-pilean

Helburu horregaz, datozen lau astegoienetan, birzikletearen gurdia barriro ibiliko da, uriko kaleetan zehar.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkarlanean, herritarrak hondakin organikoen bilketeagaz bat egitera gonbidatzen ditu. Informazino-puntu mobikor honetan, begirale bi egongo dira, eta era guztietako informazinoa eskainiko dabe hondakinen gaikako bilketearen inguruan, batez be, edukiontzi marroiaren ganeko, hau da, hondakin organikoei jagokenaren edukiontziari buruzkoa.

Ibilgailura hurreratzen diran personei informazino-eskuorri bat emongo jake, gai horren inguruko aholku praktikoakaz. Gida horrek jarraibideak eskaintzen ditu, gure eguneroko jarduerean (etxean nahiz saltegietan) zelan jokatu behar dogun azalduaz, eta, ganera, gure gauzei bigarren aukera bat emotera gonbidauko gaitu; izan be, berrerabiltea rdatz esanguratsua da hondakinen kudeaketean.

Horrezaz gan, familiek aukerea izango dabe  lekuan bertan hondakin organikoen bilketeagaz bat egiteko. Halan egiten dabenek, informazino-puntuan bertan jaso ahal izango ditue etxean hondakinak gaika bereizteko behar dituen elementuak: poltsa konpostagarriak, ontzi bat, txartel bat eta informazinorako iman bat.

Bilboko Udalak dei egin gura deutse etxean daborduko gai organikoak biltzeko kit bat badaukien personei, barriro ez eskatzeko, eta, modu horretan, beste familia batzuei be aukerea emoteko, oraindino kit hori eskuratu ez badabe. Azkenik, galdetegi labur bat betearazoko jake, etxe bakotxean hondakinak bereizteko ze ohitura dagoan jakite aldera.

Lekuak

Ibilgailua errez ezagutzeko modukoa da, eta Bilbon ibiliko da, hainbat lekutan; honeek dira, hain zuzen be, lekuak eta datak:

  • Zemendiaren 27an, barikuan: Areatzako zubian (Arriaga Antzokiaren ondoan).
  • Zemendiaren 28an, zapatuan: Kale Nagusian (BBK Aretoaren ondoan).
  • Zemendiaren 29an, domekan: Etxebarria parkean (biribilgunetik sartuta).
  • Abenduaren 4an, barikuan: Ametzola parkean (Dolore Ibarruri kalerako bidegurutzean, oinezkoentzako-eremuan).
  • Abenduaren 5ean, zapatuan: Karmelo kalean (Arsuaga kalerako bidegurutzean, oinezkoentzako-eremuan).
  • Abenduaren 6an, domekan: Trauko kalean (Valentín Berriotxoa kalearekiko bidegurutzean, oinezkoentzako-eremuan).
  • Abenduaren 11n, barikuan: Santutxu kalean (BBKren aurrean).
  • Abenduaren 12an, zapatuan: Levante plazan.
  • Abenduaren 13an, domekan: Areatzako kaian (Aterpeen ondoan).
  • Abenduaren 18an, barikuan: Areatzako zubian (Arriaga Antzokiaren ondoan).
  • Abenduaren 19an, zapatuan: Kale Nagusian (BBK Aretoaren ondoan).

Informazino-puntua, leku bakotxean, 10:30etik 14:30era egongo da, goizez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu