Osasun Etxea eta CodeSyntax: 32. Rikardo Arregi Sarien irabazleak

Bizkaie! 2020-11-27 10:01   Pil-pilean

Sari-banaketean zehar, Xabier Lete zana be omendu dabe.

Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioak irabazi dau 32. Rikardo Arregi saria, Kazetaritza-alorrean. Arantxa Arza esatariak eta Felix Zubia medikuak domeka goizero osotzen daben irratsaioak, pandemia-sasoian, kalidadezko zerbitzu publiko bikaina emon eta alea eta lastoa bereizten lagundu dauala azpimarratu dau epaimahaiak. Izan be, ez dira informazinoa emotera mugatu, entzuleen zalantzak zehatz-mehatz argitu ditue, informazino kontrastadua eta tratu personalizadua eskainiaz.

Saria jasoteko oholtzara igo diranean, Arzak Zubiaren lana goraipatu dau, COVID-19ak irratsaioa erabat nahastau deutselako, eta astero-astero ibili dalako informazino-uriolea ordu erdiko saio erakargarri baten txertatzen, inongo opor edo atseden barik. Sariaren irabazleek, barriz, hartzaileak, hau da, irakurleak akorduan izan ditue, euren babesa barik ez litzakeelako ezer izango.

Komunikazio-sailean, ostera, CodeSyntax etxearen Egunean Behin joko interaktiboak eskuratu dau saria. Euskeratik, euskerearentzako eta euskeraz milaka galdera sortu ditue; hori dala-ta, epaimahaiak euskerea sustatzeko eta euskal kulturea ezagutzera emoteko egin daben beharra adierazo dau, euskerazko komunidade bat sortu dauan komunikazino-lanabes original eta arrakastsua dala argituta. Saria jaso eta berehala, Codesyntaxeko kideek egunero minutu batez euren jokoagaz bat egiten daben 61.000 personei emon deutsiez eskerrak.

Saridunek Xabier Laka artistearen eskulturea eta 9.000 euroko saria eskuratu dabe. Gainontzeko finalistek (Faktoria albistegia, Berria egunkariko Koronabirusaren datuak saila, Miel Anjel Elustondo, Ene kantak!, Arteman, Mendiak eta Herriak alkartea eta Et Incarnatus Orkestrea) Xabier Lakaren serigrafia jaso dabe sari lez.

Sari-banaketea: Xabier Lete gogoan

Andoaingo Udalak antolatu dituan eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa daukien sarien 32. ekitaldian, Xabier Lete izan dabe gogoan; bere heriotzearen 10. urteurrenean, Antton Valverdek, Pettik, Klara Mendizabalek eta Joxan Goikoetxeak, Jardin bat zuretzat, Bianditz, Amsterdam eta Izotz ondoko eguzki kantuak interpretau ditue, Aizpea Goenagak gidatutako saioan.

Epaimahaiak, ganera, gizakiaren eta egiaren laudorioa izeneko deklarazinoa idatzi dau: biziten ari garen pandemiaegoerea, kazetaritza-jarduerea eta komunikazinoa aitatu ditue. Maite Goñi HUHEZIko irakasleak eta Joxe Ignazio asterretxea UPV/EHUko irakasleak jarri deutse ahotsa manifestuari, eta desinformazino pandemikoa salatu dabe, egiazko komunikazinoaren inportantzia nabarmentzeaz gan.

Honeek izan dira 2020ko Rikardo Arregi Kazetaritza sarietako epaimahaia osatu daben kideak: Jose Inazio Basterretxea (EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prensa-kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hamaikatxu komunikabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazino-aditua), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibersidadeko Komunikazino Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazino-aditua). Mahaiburua Mikel Arregi Andoaingo Udaleko Euskera zinegotzi arduraduna izan da; idazkaria, barriz, Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskera teknikaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu