Rodriguez ahizten lan barria: 'Oilasko hegalak'
2020-11-26 10:10 KultureaEider eta Arrate Rodriguezek album ilustradu bat publikau barri dabe Erein argitaletxeagaz.
Irakurleak, liburuaren baitan, Eiderrek idatzitako testuak eta Arratek marraztutako irudiak alkarren arteko alkarrizketa baten topauko ditu; testuen eta ilustrazinoez gan, familia baten barruko alkarrizketak be aurkezten dira lan honetan, eta baita familia horretako ama be, etxe frankotan lez, soberakinakaz bizitera ohitu dana. Amak, oilaskoa erreten dauan aldiro, bere txandea ailegetan danerako orduko hegoak baino ez ditu topetan; iztarrak zein bularkiak, ostera, aitak nahiz seme-alabek hartzen deutsez, jatekoa egin eta jatea benetan merezi dauanari.
Familia-kontakizun bat aurkezten dau albumak: eguneroko eszenak, hazur-okelazko personaje errealak eta familien ekosistemeari jagokezan beste ertz batzuk azaleratzen ditu. Horregaz, familia-egiturearen barrenera begiratzeko gonbitea egitea dauka helburu; katarsi domestiko txikiak eragiteko saiakerea da liburu hau, ze, sarritan oso gatxa izan arren, beharrezkoa da, Eider Rodriguezek lanaren aurkezpenean azaldu ebanaren arabera.
Amaren askapenerako bidaia hegoduna kontetea bilatzen dau albumak, sintetizaturiko testuak eta ilustrazinoen interpretazino sakonak bide hartuta. Bidaia horrek, ganera, danatariko sentimentuak sorrarazoko deutsoz irakurleari: gurasoa zein umea dan irakurleari barrenean eragin egingo deutso, maitasunetik berekoikeriara, autokritikea edo egunerokotasunean emoten diran injustizia txikien azterketea isiotzeko.
Baten batek pentsauko dau oilasko-hego batzuk ezin dabela horrenbesterainoko zer pentsau emon, baina sormen-iturri edo literatura-irudi bihurtu ditue Eider eta Arrate Rodriguez ahiztek: Oilasko errea, familia normatibo bat haren inguruan eta ama bat sobran gelditutako hego ziztrinak jan guran. Horixe da, oro har, sortu barri daben liburu-albumaren abiapuntua. Mota horretako lanek ondorengo zailtasuna daukala autortu dau, horrezaz gan, Eiderrek: istorio gatxak edo konplejuak modu sinplean kontetea, irudi txikien bitartez mundua azaltzea eta berba gitxitan dana esatea.
Familia-alkarlanean sorturiko obra honek, bestalde, ahizta biak dialogetan ipintea be ekarri dauala adierazo dau, Arrate Mexikon egoalako eta orduantxe kargutu ginalako ozeano bat ze erraldoia izan daitekeen. Proiektu hau lotu gaituan hari sendoenetako bat izan da. Baina, dana dala, hegaz egiteko amesa eta bildurra be atara da albumera; eta, azkenik, bidaia be badago. Idazle errenteriarrak argitu dau bere ahizta Arrategaz behar egitea lujo handia izan dala eta sano benetakoak dirala lanerako sortu dituan personajeak, berak sorturiko parajeak usaindu egin daitekezala, hareen tenperaturea igarri. Punturik indartsuena, halanda be, irudiak emozino-sortzaile bikainak dirala azpimarratu dau.
Albuma sentitzeko sortu dabela gehitu dau Eiderrek: hasarrea, bakardadea, berekoikeria, askatasuna, alkartasuna eta maitasuna gailentzen dira... baina hausnarketa sakon bat egiteko be pentsatuta dago, eta umeek zein gurasoek, bakarka edo familian jasoteko sortu da. Azken baten, familiako kideek osotzen daben mikromundua beste begi batzukaz ikusteko proposamena da Oilasko hegalak; posible balitz, irakurleagan askatasun-gogoa piztu nahi dabe lanaren sortzaileek.
Liburuaren sinopsia
Zelan banatu oilasko bat?
Etxe honetan, oilaskoaren atalak aukeratzen azkena ama da. Bere txandea heltzen danerako, hegoak baino ez dituan hazurdurea da hainbeste mimoz erretako oilaskoa. Aita eta seme-alabak aurreratu jakoz: eurenak dira iztarrak eta bularkiak. Amak etsipenez iruntsi ditu hegotxuak. Eta halan egin dau urteetan, kejak agertu barik.
Egun batez, koxkor bat sentidu dau bizkarraldean. Hurrengo egunean, bi. Azkurea eragiten deutse eta ispiluan begiratu dau zer ete diran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!