'Izurdeen lekua': bizitzeari gorazarrea
2020-11-25 13:48 MusikeaOrain dala hiru urte kaleratutako Margolaria azken lanaren ostean dator azken hau.
Hiru urte honeetan, disko horren eta izen bereko dokumentalaren aurkezpen-biran buru-belarri ibili da Urdangarin. Izurdeen lekua-k batzen dituan melodiak azken bi urteetan Urdangarinen buruan jaioten joandakoak dira.
Kantari zornotzarraren estudioko 15. lana da eta soinu barriak bilatzeari ekin deutso azken lan honetan: pianoagaz sortutakoak dira gehienak. Izurdeen lekua hamaika abestik osotuta dator. Kantuak baino gehiago, hamaika paisaje edo ebokazinok eraturiko diskoa dala esan daiteke. Kantuz kantu, unidade edo batasun bakarra bilatzen dauan lana da: lehenengo piezeagaz hasi eta hamaikagarrenagaz amaitzen dan proiektu bateratu bat. Egilearen berbetan, soinu-bandea da egin dodana, besteak beste, orain urte bi hildako ama omentzea helburutzat dauan kanta-moltsoa. Hurreko galerak, beraz, obra barri honen ardatz dira. Oro har, bizitzeari gorazarre bat da, baita hatzaparkadak be. Abestien letra danak Mikel Urdangarinek idatziak dira, Harkaitz Kanoren eta Kirmen Uriberen ekarpen bat salbu. Diskoa Zart kolektiboaren babespean dator eta zuzeneko emonaldietarako, ostera, Bapobapo Produzinoak lantaldea izango dau bidelagun.
Izurdeen lekua izenburua
Lanaren izena gaur egun bizi dogun egoereagaz estu lotuta dago: Maiatz hasierean, Ondarruko Atxazpitik hur izurdeak agertu ziran, bertakoen harridurarako. Urdangarinek, orduan, haren inguruan hausnartu eban, izurdeak euren ingurune naturalean egozalako eta, sasoi haretan, gizakiok ginalako, hain zuzen be, galdu samar ginanok. Izurdeak bere lekuan egozan eta gu, barriz, gure lekutik kanpo. Izurdeak, gure kaleak eta parkeak okupau zituen hamaikatxu piztigaz batera, askatasun-ikur bihurtu ziran.
Produkzinoa eta abestiak
Izurdeen lekua lanaren produkzinoa Koldo Uriarteren gidaritzeagaz egin da. Aspaldiko bidelaguna izanda, Urdangarinegaz batera ekin deutso kantariak bilatzen eban soinu bereziaren ikerketeari. Grabazinoan ohiko taldekideen partaidetzea izan dabe. Taldeak ezagun dituan ezaugarrietatik harago, musikariek gordeten daben bertsatilidadea nabarmendu dabe: dinamikearen erabilerea, indarraren mobikortasuna. Ganera, erliebeak sortu eta nabarmentzea, kantuak margolanak balira lez koloreztatzea eta musikearen gaitasun magiko horreri galdetzea bilatu dabe.
Aurkezpena Euskalduna Jauregian
Izurdeen lekua lan barri hau Mikel Urdangarinek eta taldeak Euskalduna Jauregian emongo daben kontzertuan aurkeztuko da, abenduaren 26ko iluntzean. Egitasmo berezia atondu da eta, hori dala-ta, kontzertuak zati bi izango ditu: lehenengoan, Izurdeen lekua disko barria aurkeztuko dabe, horretarako beren-beregi dabizen eszenaratze bategaz jantzita; kontzertuaren bigarren zatia, ostera, Mikel Urdangarinek urtero-urtero Gabonetan Bilbon eskaintzen dauan errepertorioko kantuakaz osotutakoa izango da. Euskalduna Jauregiko kontzertu berezi horretarako sarrerak, daborduko, salmentan dagoz Euskalduna Jauregiko webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!