'BilbaoUdagoiena2020'-ko azken ekimenak martxan

Bizkaie! 2020-11-25 12:18   Kulturea

Hiru argi-instalazino izango dira zemendiko asteburuei eta udagoieneko programazinoari amaierea emongo deutsenak.

Bilboko Udalak hiru kultura-proposamen antolatu ditu zemendiaren 27 eta 28ko arratsalde-gauetarako, #BilbaoUdagoiena2020 ekimenaren barruan. Udalak jakitera emon dau sarrerea ez dala beharrezkoa izango ekitaldi horreetara joateko, aire zabalean izango diranez; ohartarazo dau, baina, nahitaezkoa izango dala higiene- eta osasun-arauak betetea eta baita segurtasunekoak be. Horrezaz gan, ahal dan neurrian, personen gehiegizko alkarretaratzeak eta pilaketak ekiditea gomendau dau.

Bilboko Udalak beharrean jarraituko dau, #BilbaoAurrera planean azaldutako ildotik, COVID-19aren pandemiaren ondorioak arintzeko. Helburua eraginik latzena jaso daben sektoreei eta kolektiboei laguntzinoak emotea da. Hori dala-ta, udagoien honetarako kultur eskaintzea leku-lekukoa da, eta Euskal Herriko sortzaileak, artistak eta hornitzaileak dira nagusi.

Instalazinoak

Gauerdiko Lorategia, Casilda Iturrizar parkean.

Casilda Iturrizar parkea magiaz eta kolorez jantziko da, Gauerdiko Lorategiko argi eta soinuakaz; naturean paseatzera eta ha, ekimen honen bitartez, bestelako ikuspegi batetik sentitzera gonbidatzen ditu herritarrak Bilboko Udalak.

  • Ordutegia: 17:30-20:30.

Zubietan Zuri, Zubi Zurin.

Zubi Zuri be, kolorez jantziko da, musikearen erritmoan mobitzen diran argi-sortakaz.

  • Ordutegia: 17:30-20:30.

Nahi bako memoria, San Nikolas eleizako fatxadean.

San Nikolas elizearen fatxadean irudiak proiektauko dira, soinuagaz batera, uriaren arkitekturearen eta lurralde-egituraketearen eraldaketea islatuko dabenak.

  • Ordutegia: 17:30-20:30.

#BilbaoUdazkena2020

Bilboko Udalak kultura-sektoreari laguntzeko apustua egin dau, COVID-19aren pandemiak gogor jo dituan esparruetako bat dalako.Horretarako, #BilbaoUdagoiena2020 ekimena aktibau dau, udagoien honetan auzoetan sakabanatuta eskainiko diran aisi- eta kultura-proposamenakaz. Hilabete honeetan, bertoko konpainia eta artistek auzoak dinamizau ditue, kalidadezko kultureagaz: musikea, zinemea, antzerkia, jantzea, magia eta literaturea, hurranez hurran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu