Zabalik II. Ume eta Gazte Literaturea Eskolan ikastaroan izena emoteko epea
2020-11-25 08:35 KultureaIrakurketa literarioak eskoletan dauen lekua hobetzea eta irakasleen formazinoa aberastea dau helburu.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Galtzagorri Alkarteak eta Euskal Herriko Unibersidadeko Hizkuntzearen eta Literaturearen Didaktika Sailak alkarlanean atondutako Ume eta gazte literaturea eskolan ikastaro osogarriaren bigarren edizinoa zezeilaren 4an hasiko da eta izena emoteko epea datorren abenduaren 15ean amaituko da.
Ikastaroa irakurketearen inguruan gaurko gizartean eta, batez be, hezkuntza-esparruan dagoan ardura bati erantzuteko asmoz sortu da, hain zuzen be, irakurketa literarioak eskoletan dauen lekua hobetzeko eta irakurketan bitartekari diran irakasle edo irakaslegaien formazino literarioa aberasteko eskaintzea izateko dator.
Gaian interesa dauen edozein personarentzat edegitako ikastaroa da baina batez be, hartzaile mueta biri zuzenduta dago:
1. Irakaskuntzan dabizen irakasleak eta hezkuntzearen munduko profesionalak.
2. Unibersidadeko ikasleak, hezkuntza ikasketak egiten dabizen etorkizuneko irakasleak eta hezkuntzeagaz zerikusia daben beste titulazinoetako ikasleak, baita giza zientzietako ikasleak be.
Ikastaroaren egiturea
Ume eta gazte literaturea eskolan ikastaroak 75 orduko iraupena izango dau, 5 ikasgaitan banatuta. Saio presentzialak 3 ordukoak izango dira eta eguenetan emongo dira, 17:00etatik 20:00etara. Saio presentzial bakotxa ordu biko irakaskuntza ez-presentzialagaz osotuko da.
Ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazinoa onartuta dau.
Izena emoteko epea abenduaren 15era arte zabalik dago eta horretarako parte hartu nahi dabenek aurkezpen-gutun labur bat be aurkeztu beharko dabe. Ikastaroan onartuak diran ikasleei e-postaz jakinarazoko jake eta 2020ko abenduaren 16tik 2021eko urtarrilaren 8ra egin beharko dabe matrikulea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!